101 Gaztelu
9. saioa
Goñi saioa uztear izan bada ere, azkenean, Alazne bidali dute etxera
"101 gaztelu" saioaren 9. kapitulua gorabeheratsua izan da. Kapitain trukeak Goñi haserrearazi du, eta, boikota egin dien arren, Bilauek irabazi dute jokoa.
Gorabeheraz beteriko kapitulua izan da ‘101 gaztelu’ saioaren 9.a. Kapitainen trukea izan da, eta, ondorioz, Mikel Goñik Bilauekin aritu behar izan du, eta Manu Maritxalarrek, berriz, Zaldunekin. Horrek zalaparta eragin du, oronoztarrak ez baitu albistea ondo hartu, eta Bilauei boikota egiten saiatu baita. Baina, hala ere, talde beltzak irabazi du Hondarribiko Piraten gazteluan jokatutako proba. Goñi saioa uztekotan izan da, baina, azkenean, taldearekin jarraitzea erabaki du, eta kontseiluan, Alazne iruindarra bidali dute etxera.
Euritsu esnatu da eguna Zaldunentzat eta Bilauentzat. Talde beltzak erabat bustita, hotzez eta gosez hasi du eguna. Talde gorriak, berriz, goxo-goxo egin du lo autokarabanan. Baina zoriontasunak gutxi iraun du kanpaleku aberatsean, goizean jaso duten lehen arrastoan kapitain aldaketa izango dutela irakurri baitute. Manu Maritxalarrek Zaldunekin eta Mikel Goñik Bilauekin aritu behar zutela jakin dute.
Mikelen taldeak ez du albistea ondo hartu, eta pilotariak Bilauen kontra arituko dela aitortu die taldekideei, haserre bizian. Hasieran Mikelek esandakoari jarraituz, kapitain berriari kasurik ez egitea erabaki dute Zaldunek, baina, azkenean, iritzia aldatu, eta ondo hartu dute Maritxalar.
Aldaketak gauzatu ondoren, Hondarribirako bidea hartu dute bi taldeek. Bertan, Joxe Mari Olasagasti aizkolaria izan dute zain. Beste behin ere, talde gorria izan da lehena ailegatzean, eta eurekin aritu da igeldoarra.
Lehia gogorra izan da Hondarribiko Piraten Gazteluan jokatutako jokoan, eta ez da zalapartarik falta izan. Proba irabazteko, talde osoak iritsi behar zuen Julianengana. Bilauak izan dira iristen lehenak, baina, azken unean, Mikel Goñi desagertu egin da, eta taldea bakarrik utzi du. Talde beltzak, amorru bizian, Manuri ez agertzeko eskatu dio, eta, asko pentsatu ostean, hori egin du errenteriarrak azkenean. Kapitainak agertu ez direnez, Bilauak izan dira irabazleak.
Goñik saioa uztea erabaki du, eta, ziztu bizian, gaztelutik alde egin du, talde gorria aho zabalik utzita. Taldea urduritzen hasi da, kapitainik gabe eta lehiakide bat gutxiagorekin jarraitu behar zutela ikusita. Baina, arratsalde partean, Mikel Goñi kanpamentu txiroan agertu da, eta kontseilura arte ez duela hitz egingo esan du. Kontseiluan, kapitainak geratzea erabaki duela jakinarazi du, eta bozketan, Alazne iruindarra bidali dute etxera.
Bilauek arratsaldea eta gaua ezustekorik gabe pasatu dute. Gainera, azken egunetan zeuzkaten liskarrak baretu dira, eta badirudi normaltasuna bueltatu dela taldera.