Itxi

101 Gaztelu

10. atala

Mikel Goñi eta Oibar gabe, Zaldunen taldean 3 lehiakide baino ez daude

Hamargarren saioan, talde gorriak galdu du Hendaian egindako jokoa, eta Mikel Goñi kapitainak, haserretuta, lehiaketa utzi du.

'101 Gaztelu' saioaren hamargarren atalean ere ez da zalapartarik falta izan. Zaldunek galdu dute Hendaiako jokoa, eta Mikel Goñik lehia utzi du. Gainera, Kontseiluan Oibarrek jaso ditu boto gehienak, beraz, galdakoztarra etxera joan da.

Ohetik ez jaikitzeko moduko eguna izan bada ere, '101 Gaztelu' aurrera doa, eta gero eta gutxiago falta da abentura bukatzeko. Zaldunek Alazne iruindarra galdu dute bidean; Bilauen taldean ordea, gero eta konfiantza handiagoa dute.

Goizeko arrastoak Gipuzkoatik Lapurdira eraman ditu bi taldeak. Kapitainek ondo ezagutzen dute zonalde hau, eta bidaia inoiz baino parekatuago joan da. Goñi aurretik ibili da, eta Manuk furgoneta aurreratzeko egin dituen ahalegin guztiak alferrik izan dira. Beraz, Zaldunak iritsi dira berriz Bilauak baino lehenago Urtubiako Gaztelura.

Han, Gaztea irratiko 'dida!' irratsaioko  Joseina Etxebarria eta Jon Gotzon esatariak zeuzkaten zain. Baina talde gorriak gonbidatu ezagunen laguntza ez edukitzea erabaki du, eta, beraz, Bilauekin aritu dira.

Ibilgailuak hartu, eta hurrengo helmugara abiatu dira talde biak, Hendaiako Abbadie gaztelura, alegia. Han izan da armarria lortzeko jokoa.

Orientazio ona edukitzeaz gain, ondo neurtu behar izan dute denbora lehiakideek garaipena lortzeko. Baina inork ez du lortu jokoa ondo egitea, eta berdinketa hausteko beste probatxo bat egin dute. Horretan, Rakel Oibar baino azkarragoa izan da, eta, horren ondorioz, Bilauentzat izan da hurrengo armarria.

Zaldunek ez dute porrota ondo hartu. Mikel Goñi kapitainak asko haserretu da, eta saioa utzi du.

Garaipena oso garrantzitsua izan da Bilauentzat. Beste taldearekin parekatzea lortu dute armarri kopuruari dagokionez, eta, horregatik, ongi ospatu dute, abesti eta barre artean.

Beste taldean, ordea, isiltasuna da nagusi. Zeukaten abantaila galdu dute, eta Kontseiluari egin behar izan diote aurre. Bertan Oibarrek lortu du bozka kopuru handiena, eta lehiaketa utzi behar izan du. Mikel Goñi eta Oibar barik, hiru kide baino ez dira geratzen Zaldunen taldean: Jonas, Oihana eta Jurdan.

Bilauek poz-pozik jarraitzen dute auto-karabanan. 10. saioko proba nahiko lasaia izan da, eta Manu Maritxalarrek uste du hurrengoa askoz ere gogorrago izango dela. Hori dela eta, goiz oheratu dira.