6 Argazkitan
Gaur, 21:30ean
Ramon Etxezarreta idazle eta politikariarekin, '6 Argazkitan' saioan
A.A.
EiTB
Pedro Mari Goikoetxearen eskutik, urrestildar honen txikitako ametsak, gaztetako ilusioak eta gaur eguneko asmoak ezagutuko ditugu.
Gaur gaueko honetako '6 Argazkitan' saioan Ramon Etxezarreta 1995etik 2007ra Donostiako udalean PSE-EEko zinegotzi eta ordezkari izandakoaren bizitza errepasatuko dute. Pedro Mari Goikoetxearen eskutik, urrestildar honen txikitako ametsak, gaztetako ilusioak eta gaur eguneko asmoak ezagutuko ditugu.
Ramon Etxezarreta Urrestillan jaio zen 1954an, eta hiru anai-arrebetan nagusiena zen. Aita arotza eta ama jostuna, txikitan apaiza izateko ametsa zuen Ramonek. Sei urterekin akolito hasi, eta hamarrekin Xabierrera joan zen ikastera. Hamaika abentura bizi izan zituen jesuiten ikastetxean, eta horietako asko gogora ekarriko ditu igandean Joxe Arenas lagunarekin. Gauetan irratia entzutera jaikitzen ziren ezkutuan, Urtainen borrokaldiak entzutera, besteak beste.
15 urte zituela, Donostiara bizitzera joan zen Ramon. Unibertsitatean hasi eta bertan mundu berria ireki zitzaion. Euskararenganako kontzientzia piztu zitzaion. Kultura, politika eta gizarte mugimenduak han eta hemen sortzen hasiak ziren. Betirako lagunak egin zituen Ramonek unibertsitatean. Horietako bat, Joxean Muñoz, gaur egun Kultura sailburuorde dena. Eta biek kontatuko dute igandean nola bizi izan zituzten gazte garai hauek eta nolakoa izan zen Oh! Euzkadi aldizkariaren sorrera.
Idazlea, itzultzailea, politikaria... baina ia horien guztien gainetik txirrindularitza zale amorratua da '6 Argazkitan' saioko protagonista. Ramonek idatzitako liburuen zerrenda luzea da. Hiztegi erotikoa prestatu eta Kamasutra euskaratu zuen 1980ko hamarkadan. 1993an, hitzak eta kirola bateratzea lortu zuen, Marino Lejarretaren biografia idatzi zuenean. Bien artean bizitako anekdotak kontatuko dituzte.
Dena den, Ramonen alderdirik ezagunena politikariarena da. Hastapenak EEn eman zituen eta Urrestillako zinegotzia izan zen 1970eko hamarkadan. Xabier Gurrutxaga kidea izango du alboan, oroitzapenok errepasatzeko. PSE-EEn afiliatu eta Donostiako udalean osatu zuen ibilaldiaz hitz egiteko Denis Itxasorekin elkartuko dira.
Egun, 60 urterekin, Foru Aldundian aspaldi lortutako itzultzaile postura bueltatu da Ramon. Ioana alabarekin bere mania eta sekretuen berri jakingo dugu, saioaren amaieran. Eta aho zabalik utziko duen sorpresa ere jasoko du Ramon Etxezarretak.
Gaur, 21:30ean, dago ikusgai '6 Argazkitan', ETB1en.
TB1en.