Itxi

A ze banda

Hirugarren saioa

Isasiko Ama taldeak ez du 'A ze banda!' saioan jarraituko

Twin Melody eta The Kites izan dira epaimahaiko kideei gehien gustatu zaizkien taldeak.

3:55

'A ze banda'ren hirugarren saio honetan, aurreko bi saioetan sailkatutako sei taldeak aritu dira nor baino nor gehiago: lehenengo saioko Random, Irati eta Isasiko Ama taldeak, eta bigarren saioko Sugar Beats, The Kites eta Twin Melody. Iñigo Egiguren The Uski's taldeko abeslaria izan da epaimahaiak izan duen gonbidatua.

Aste honetan berrikuntza batekin etorri da saioa, eta taldeek gogor egin behar izan dute lan. Izan ere, saioak aukeratutako kanta bana prestatu behar izan dute musika-taldeek. Sugar Beats taldeak duela bost urte hil zen Michael Jacksonen "Man in the mirror" kanta abestu dute; Irati taldeari Alaitz eta Maider bikotearen "Amets bat" abestia defendatzea egokitu zaio; Random taldeari, Scorpions talde alemaniarraren "Still living you" abestia; The Kitesek The Uski'sen "Horrelako" abestu dute Urdaibaiko talde honen abeslaria, Iñigo Egiguren, aurrean izan dutela; Twin Melody Ordiziako bikiak Adeleren "Rolling in the Deep" kantarekin aritu dira hirugarren saio honetan; eta, azkenik, Isasiko Ama taldea, Gatiburen "Zeu, zeu, zeu" abestiarekin.

Sei taldeen emanaldien ostean, Twin Melody eta The Kites musika-taldeek hurrengo saiorako txartela lortu dute epaimahaiaren ahobatezko erabakiari esker. Irati, Random, Sugar Beats eta Isasiko Ama taldeek, ordea, ez dute hurrengo saiorako igarotzea hain erraz izan. Horrela, fabrikako agertokiaren gainera berriz ere igo behar izan dute epaimahaiko kideen azken erabakia entzuteko.

Sugar Beatsek saioan jarraitu behar duela uste izan du Iñigo Egiguren The Uski's taldeko abeslariak, taldearen ahalmena eta hobetzeko gaitasuna kontuan hartuta; Random taldeak aurreko saioan bezain ondo egin ez du ere, Alex Sarduik hirukote bilbotarrari beste aukera bat ematea erabaki du; azkenik, Zuriñe Hidalgok erabakia nahiko argi izan du, eta, bigarrenez, Irati taldea salbatu du. Beraz, Gordexolako Isasiko Ama taldeko laukotea kanpoan geratu da.

Twin Melody,The Kites, Sugar Beats, Random eta Irati dira lehiaketan jarraitzen duten bost taldeak, eta datorren asteko 'A ze banda!' saioan euren talentua erakusteko aukera berria izango dute.