Adinberri
OSASUNA
"Adinberri" saioa asteburuetan ere izango da ikusgai
EiTB
Adineko pertsonen osasun fisiko, kognitibo eta emozionala lantzeko saioak errepikapenak eskainiko ditu asteburuetan. Astegunetan, hiru aldiz izango da ikusgai: 08:15ean, 11:00etan eta 19:00etan.
-
Zuriñe Hidalgo eta Iñigo Vicens, "Adinberri" saioko gidariak. Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia.
"Adinberri" adineko pertsonen osasun fisiko, kognitibo eta emozionala lantzeko eguneroko saioa asteburuetan ere ikusteko aukera izango dugu aurrerantzean.
Aste barruan hiru aldiz izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera: 08:15ean, 11:00etan eta 19:00etan. Asteburuetan errepikapenak eskainiko dira, eta larunbatetan 11:00etan eta igandeetan 09:15ean izango da ikusgai.
Zahartze aktibo eta osasuntsua bultzatzeko estrategiari jarraikiz, telebista-saio berritzailea ekoitzi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren bitartez, adineko pertsonei etxean ariketa fisikoa eta mindfulness/meditazioa egiten laguntzeko, beren ongizate fisiko eta emozionala hobetzeko.
Saioa ETB1en eta eitb.eus-en dago ikusgai, astelehenetik ostiralera. Ordu erdi baino zertxobait gehiago irauten du, eta hiru zatitan banatzen da: ariketa fisikoa, osasun kognitiboa eta mindfulness/meditazioa. Zati bakoitza gaian aditua den talde batek lantzen du.
Ariketa fisikoko saioak Iñigo Vicens adituak gidatzen ditu, 20 minutuz. Vicensek egiten dituen ariketak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Athlon S. Coop. enpresako aditu talde batek landu ditu. Ondoren, Ane Iriondo neurobiologoak osasun kognitiboa lantzen du, eta, azkenik, mindfulness/meditazioari zuzendutako tartea zabaltzen da. Baraka Psikologia Integraleko Institutuko aditu taldeak sortu ditu saioak, eta Zuriñe Hidalgo dute gidari, horretan trebatuta baitago.