Adinberri
Estreinaldia
Adineko pertsonen zahartze osasuntsu eta aktiboa sustatzeko "Adinberri" saioaren bigarren denboraldia, abian
EITB
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri fundazioarekin elkarlanean ondutako saioa astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 11:00etan.
-
"Adinberri" denboraldi berriaren aurkezpena
Gaurtik (urtarrilak 13) aurrera, abian da ETB1en "Adinberri" saioaren denboraldi berria. Orain arteko asmo berarekin dator programa: adineko pertsonei zuzenduta, zahartze osasuntsu eta aktiboa bermatzeko helburuarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri fundazioaren bitartez babestutako saioaz, Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi du "pertsona ororen ongizate integrala bultzatzea" dela foru erakundearen lehentasun nagusia; ikuspegi horretatik, iragarri du "Adinberri" saioak "ekarpen esanguratsua" egingo duela. "Eguneroko martxan, denok behar dugu arnasa eta ariketa fisikoa, osasuntsu eta orekan bizitzeko, ongi sentitzeko. Hain zuzen ere, programa honek leiho berri bat zabalduko du adineko pertsonen ongizate integrala sustatzeko ahaleginean, ikuspegi zabal batetik eta modu entretenigarrian egin ere", gehitu du.

Bestalde, Unai Iparragirre ETBren zuzendariak azpimarratu du saioak Euskal Telebistako programazioan izandako harrera ona, eta gogora ekarri du EITB zerbitzu publikoa dela. Arteman ekoiztetxearen lana nabarmentzeaz gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egindako elkarlanaren emaitza goraipatu du. "Autozainketaren kultura eta bizitza osasungarria sustatzeko, euskal herritarren ongizate integrala bilatzeko helburuz egindako saio erakargarria da 'Adinberri'", esan du. Atal guztiekin, prebentzioa eta bizi-ohitura osasungarriak bultzatzea da programaren erronka nagusia, baita adineko pertsonen autonomia ere.

"Adinberri" saioaren ardatza da adineko jendearen artean ariketa fisikoa sustatzea, Iñigo Vicens prestatzailearen laguntzarekin. Halaber, programak irauten duen 40 minutu horietan, aurreko denboraldian lantzen ziren mindfulness eta estimulazio kognitiboaz gain, atal berriak egongo dira: elikadurari zuzendutakoa, Nahia Zeziagak gidatuta, eta mediku kontsulta, Esther Larrañaga mediku geriatrarekin. Laura Casado izango da mindfulness irakaslea eta Ane Iriondo adituak landuko du estimulazio kognitiboa.

Horrekin batera, nobedade gisa, Iñigorekin batera bi adineko pertsona ibiliko dira, ariketa fisikoa egiten: Pili Madinabeitia eta Juan Anjel "Xarpas".