Arte[faktua]
15:00ean
Iñaki Irazuri elkarrizketa, gaur, denboraldi honetako azken 'Arte[faktua]'n
EITB
Donostian egingo dute elkarrizketa eta Jabier Muguruza musikari eta abeslaria gonbidatuko du idazleak saiora.
Iñaki Irazu, Bilbon bizi den Asteasuko idazlea, izango da gaurko 'Arte[faktua]' saioan gonbidatu. Denboraldi honetako azken saioa izango da eta Donostiako Urgull mendian grabatuko dute elkarrizketa.
Bizitza osoa darama Iñakik poesia idazten, baina oraintxe, 64 urterekin, plazaratu du bere lehen poema liburua: Errukiaren saria. Bere lan poetikoak eguneroko gauzez eta gaiez egindako kronikak dira, detaile batetik abiatu eta beti istorio bat kontatzen dute.
Iñaki Irazu, Jose Irazu 'Bernardo Atxaga' idazle handiaren anaia da. Biek Ekonomia ikasketak egin zituzten, baina letren munduan murgildu dira beti. Iñakik Bilbon bota zituen erroak duela 30 bat urte, eta urte horietan euskara irakaslea izan da bertan.
Bere gonbidatua Jabier Muguruza musikari eta abeslaria da. 27 urte badira Jabierrek Iñakiren letrak musikatzen dituela. Guztira 35 letra musikatu dizkio. Azkena, Leiho bat zabalik diskoan, 'Etxera iritsi' kantuaren letra Iñakirena da.
Galdetegian, Amaia Hennebutteren, Anjel Lertxundiren eta Maixa Zugastiren liburu kuttunenen berri jakingo dugu. Irakurlearen atalean, Andoni Arantzegik Amélie Nothomb-en Riquete el del copete liburua gomendatuko du. Eta aste honetako booktuberra Julen Telleria da. Gaztea eta ETBko kazetari eta aurkezleak Nork hil du Andoni Egaña komikia izango du mintzagai.
Liburu denden gomendioek, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Iñaki Irazuren epilogoak osatuko dute saioa.
'Arte[faktua]' saioaren azken atala gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.