Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00etan

Pako Aristi izango da, gaur, 'Arte[faktua]' saioaren gonbidatu nagusia

EiTB

Tere Irastortza poeta zaldibiarra izango da elkarrizketatuaren gonbidatua saioan.

1:25
Pako Aristi

Rosa itzuli da eta Maitatu zure egunak. Eleberria lehena, poesia liburua bigarrena; biak ala biak, Pako Aristik idatziak. Horregatik, Zestoaraino joan da aste honetan Yolanda Mendiola egilearekin solastatzera. Bera izango da, beraz, aste honetako gonbidatu nagusia 'Arte[faktua]' literatur saioan.

Aspaldian  eleberririk idatzi gabe egon ostean,  Aristik Rosa itzuli da plazaratu du. 25 urtez espetxean egon ostean etxera itzuli den ETAko kide bat da nobelako protagonista.

Maitatu zure egunak Aristiren seigarren poesia liburua da. Bertan, egileak berak bizitako esperientziei mamia atera nahi izan die poesiaren bidez, eta irakurleari eskaini. Norbanakoaren eta kolektiboaren arteko borrokak eta gizartean pil-pilean dauden arazoak dira gai nagusiak.

Tere Irastortza poeta zaldibiarra da Pako Aristiren gonbidatua. Poeta izateaz gain, Euskal Idazleen Elkarteko presidentea izan zen, baita EuskalPen Klubaren zein aldizkari ugariren sortzaileetarikoa ere. Bergarako Idazle Eskolako sortzaile, zuzendaria eta irakaslea da. Bere bidez hasi zen idazle urrestildarra ere aipatu eskolan klaseak ematen.

Aste honetako Apalategia ataleko protagonista Felix Ibargutxi kazetari legazpiarra da, Diario Vasco egunkarian urteetan aritua kulturaren inguruko gaiak jorratzen. Kazeta horren Zabalik gehigarriaren zuzendari izandakoa da Ibargutxi.

Irakurlearen tartean, Zestoako Ander Etxeberriak Satish Kumar idazlearen Tierra, alma, sociedad liburuaren aipamena egingo du.

Galdetegian, Rikardo Arregi, Uxue Juárez eta Castillo Suarez idazleek euren liburu kuttunen berri emango dute.

Aste honetako Booktuberren atalean, Zuriñe Hidalgok Lucia Baskaranen Gorputz madarikatuak liburua hautatu du bere bideorako.

Horrez guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.