Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Iñigo Astiz idazlea, 15:00etan, "Arte[faktua]" saioan

EiTB

Gonbidatuak 'Analfabetoa' poema liburua aurkeztuko du.

0:20
Iñigo Astiz idazlea.

Iñigo Astiz idazle eta kazetari iruindarra da aste honetako "Arte[faktua]" literatur saioko gonbidatu nagusia. Erandion, egun bizi den herrian, elkartu dira berarekin, besteak beste, Susa argitaletxearekin argitaratutako Analfabetoa poema liburuaz hitz egiteko. Aurrekoan bezala, maitasuna, adiskidetasuna, heriotza eta politika dira liburuko gai nagusiak. Bizitza bera, alegia. Oraingoan, ordea, horretaz gain, igarri arren ulertzen ez ditugun gauzetan jarri nahi izan du arreta.

Erandiotik Barakaldora joaten den ontzian hasiko dute elkarrizketa. Bertan, bere ibilbideaz nahiz gaur egungo jardueraz solastatuko dia. Berria egunkariko kultur kazetaria da duela hamar urtetik. Azken hilabeteotan, aipatutako poema liburuaz gain, beste lan batzuk ere argitaratu ditu: Xangre izeneko fanzinearen lehenengo alean ipuin bat eta Joemak eta polasak izeneko umeentzako poema liburua, eta, Damaris Pan ilustratzailearekin batera, Sandro Penna poeta italiarraren poesia euskarara ekarri du.

Horrexegatik gonbidatu du Damaris Pan elkarrizketara. EHUko irakaslea da, non, bere esanetan, gauza oso teknikoak nahiz irizpide propioa eraikitzen laguntzen dien ikasleei. Esan bezala, Astizek euskaratutako Sandro Pennaren poema bilduma ilustratu du Damarisek. Azken horrek, italiarraren poesia ezagutu, eta mezu bat bidali omen zion Astizi, nafarrak hura itzultzen urteak zeramatzala jakin gabe. Horrela sortu zen liburua sortzeko ideia.

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak bere liburu kutunen berri emango digu aste honetako Apalat[egia] tartean.  

Bestalde, irakurlearen atalean, Tabakalerako Ubik Sorkuntza Liburutegiko Leire Mitxelenak Digital Apollo liburuaren gomendioa egingo du.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Kattalin Minerrek, Unai Elorriagak eta Laura Uruburuk, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Gainera, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko aurkezle Zuhaitz Gurrutxagak Inesaren balada liburua gomendatuko du Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

"Arte[faktua]" gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.