Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00etan

Irene Arrarats itzultzailea, gaur, "Arte[faktua]" saioan gonbidatu

EiTB

Itzuli berri duen Simone de Beauvoiren 'Bigarren sexua' liburuaz hitz egingo du Yolanda Mendiolarekin.

1:18
Irene Arrarats

Irene Arrarats itzultzailea izango da aste honetako "Arte[faktua]"n gonbidatu. Emakumeen garai bateko bilgune zen Hernaniko Leokako garbitokian elkartuko dira berarekin, itzuli berri duen Simone de Beauvoiren Bigarren sexua liburuaz hitz egiteko. Jakin eta Elkar argitaletxearen "Eskafandra" bilduma feministaren barnean argitaratu du. Emakumearen ustezko izatearen naturalizazioa eta zapalketa sistematikoa azaleratu zituen klasiko honek, duela 70 urte. Existentzialismoa, antropologia, Hegelen ideiak... horiek guztiak gurutzatu zituen emakumearen egoerarekin. Mendebaldeko pentsamenduaren eta feminismoaren giltzarri garrantzitsutzat hartzen da, egun ditugun auzietako askori oraindik heltzen diena.

Arrarats Geografia eta Historian lizentziatua da, nahiz eta profesionalki ez duen hortik jo: segituan heldu zion zuzenketa eta itzulpengintzari. Egunkaria-n hasi zen horretan. Han ikasi omen zuen ofizioa, oso lankide onekin, elkarlanean. Egun, Berria-ko estilo liburuaren zuzendaria da. Nahiz eta euskara bere lan tresna nagusia den, bere hitzetan, ez du sekula joera filologikorik izan. Berari, hizkuntza, bizitzeko eta komunikatzeko tresna den aldetik, oso modu pragmatikoan gustatzen zaio. Euskaltzain urgazle ere bada, baita Euskaltzaindiaren hiru batzordetako kide ere. Euskararen estandarizazioaren alde. Azkenik, itzulpengintzari dagokionez, esan digu bera bila joan den zerbait dela.

Maialen Berasategi itzultzailea gonbidatu du Arraratsek saiora. Lagunak izateaz gain, lankideak ere badira Berria-n. Arraratsek dio letren munduan bere konplizerik handiena dela. Bekadun sartu zen Berasategi egunkarian, eta bertan ezagutu zuten elkar. Han topatu zuen guztiak eraman omen zuen bidez nahastu ez zela pentsatzera, itzulpengintza eta zuzenketa bere bidea zirela sentitzera.

Aizpea Goenaga euskal aktore, zinema-zuzendari eta idazleak bere liburu kutunen berri emango digu Apalat[egia] tartean.

Bestalde, Irakurlea atalean, Ainhoa Rodriguezek Katixa Agirreren Amek ez dute liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Itxaro Bordak, Irati Elorrietak eta Amets Arzallusek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Sakanako Margari Zabalak Elkarrekin esnatzeko ordua liburuaz hitz egingo digute Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

"Arte[faktua]" gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.