Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

15:00etan

Karmele Jaio idazlea, gaurko "Arte[faktua]" saioan

EiTB

Idazleak 'Aitaren etxea' eleberria aurkeztuko du.

1:42
Karmele Jaio

Gaur arratsaldean, Karmele Jaio idazle gasteiztarra izango da "Arte[faktua]" literatura saioko gonbidatu nagusia. Gasteizko Florida parkean elkartuko gara berarekin, Elkar argitaletxearekin plazaratutako Aitaren etxea eleberriaz hitz egiteko. Ismael da liburuko protagonista nagusia, eta idazten ari den eleberriarekin kateaturik bizi da. Aurrera ezin eginda. Jasone emaztea eta Libe arreba dira istorioa lehenengo pertsonan kontatzen diguten beste bi protagonistak. Liburuko gaietako batzuk balioen transmisioa, matxismoa, genero rolak eta euskal gatazka dira. Jaiok dio eleberria idaztean izan duen lanik zailenetakoa Ismaelen, hau da, gizon baten azalean jartzea izan dela.

Kazetaritzan lizentziatua da Karmele Jaio. Zenbait egunkaritan egin du lan, eta, egun, Emakundeko komunikazio arduraduna da. Horrelako erakundeen beharrik izango ez den eguna iritsiko den itxaropena dutela dio, eta, horrela ez bada, aurrera egitea zaila izango dela. 2004an hasi zuen ibilbide literarioa. Orain, idazteko orduak handik eta hemendik lapurtzen ibiltzen den honetan, literaturak bere bizitzako toki handi bat betetzen omen du, eta bere ideia abstraktu batzuk modu zehatzagoan ikusteko balio dio.

Lourdes Oñederra fonologoa gonbidatu du Jaiok elkarrizketara. Idazlearentzat erreferente bat da, bai euskararen munduan, bai idazketaren munduan. Oñederraren ustez, gustuak elkartzen ditu; oso gustura irakurtzen omen ditu Karmele Jaioren lanak. Fonologia du ikergai Oñederrak: ahoskera aztertzen du. Eta Euskaltzaindiko kide da. Beti iruditu izan zaio oso interesgarria denok aho eta eztarri antzekoak izanik ahoskera ezberdinak izatea. Aitaren etxea liburua oso indartsua iruditu zaio; harrapatu egin omen zuen. Horren iritziz, oreka handia du esaten dituen gauzen eta horiek esateko moduaren artean.

Literatura alorrean Atzerrian eleberriarekin estreinatu den Nerea Balda idazle irurtzundarra izango dute aste honetako Artefaktu[egilea] tartean.

Bestalde, Irakurlea atalean, Jesus Garatek Itxaro Bordaren Susmaezinak liburuaren gomendioa egingo du.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Joxemari Iturraldek, Aintzane Usandizagak eta Laura Uruburuk, astero legez, literaturaren inguruko galdera bati erantzungo diote.

Horretaz gain, Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako June Arrietak eta Elene Isasak Eskubeltz taldearen abenturak liburuaz hitz egingo dute Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

"Arte[faktua]" larunbatetan izaten da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.