Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

13:00etan

Maddi Ane Txoperena gonbidatu, gaur, "Arte[faktua]" saioan

EITB Media

Ane Labaka bertsolaria, Maite Larburu musikaria, Kepa Sarasola UEUko zuzendaria eta Armentia Ikastolako Iker Iruretagoiena ere izango dira "Arte[faktua]"n.

1:47
Maddi Ane Txoperena

Maddi Ane Txoperena idazle, kazetari eta bertsolari lapurtarra izango da gaurko protagonista "Arte[faktua]" saioan. Ene baitan bizi da da bere estreinako liburua, Elkar argitaletxearekin plazaratu duena. Bertan, 1950eko hamarkadan, herria utzi eta neskame joan ziren emakume gazteen bizipenei eleberri forma eman die. Lesakan elkartuko da Yolanda Mendiolarekin, Pikukoborda landetxean, zehazki.

Ondoren, Ane Labaka bertsolari eta sortzailea batuko da Txoperena eta Mendiolaren arteko solasaldira. Anek Txoperenaren liburuaren inguruan duen iritziaz edota biek partekatzen duten genero ikuspegi antropologikoaz arituko dira, besteak beste.

Aste honetan, Letren bidaia izeneko erreportaje laburren atalean, Maite Larburu musikari eta biolin jotzaile hernaniarra izango da protagonista. Maitek liburu batekin bidaiatzen du beti, beraz, irakurtzearen plazeraz eta balioaz hitz egingo dute berarekin. 

Bestalde, Kepa Sarasola UEUko zuzendariaren apalategia ezagutzeko aukera izango du saioak.

Horretaz gain, Armentia Ikastolako Iker Iruretagoienak Fernando Morilloren Iheskorrak liburuaren iruzkina eskainiko du.

Hau guztia, saioa osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioekin batera, gaur, 13:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.