Arte[faktua]
12:50ean
Jon Alonso idazle eta itzultzailea, gaur, "Arte[faktua]" saioan
EITB Media
'Naparra. Kasu irekia' lana hizpide hartuko dute, Jose Miguel Etxeberria Alvarez 'Naparra' Komando Autonomo Antikapitalistetako militantearen desagerpenaren inguruko ikerketa.
-
Jon Alonso idazle eta itzultzailea. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Jon Alonso idazle eta itzultzaile iruindarra izango da protagonista larunbat honetako "Arte[faktua]" saioan. Naparra. Kasu irekia (Elkar) da bere azken lana. Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako militantearen desagerpenaren inguruko ikerketa sakona ondu du hainbat iturritara joz. Nafarroako Elkano herriko Mertxenea landetxean elkartu eta saiakera liburu hori izango dute hizpide Yolanda Mendiolak eta Alonsok.
Xabier Letona Argiako kazetari arrasatearra batuko da elkarrizketara saioaren erdialdean. Alonsok Tene Mujika bekari esker sortu du Naparraren inguruko lana. Horrez gainera, Argia sarietako prentsa idatziko irabazlea ere izan zen, eta saria nori eman erabaki zuen epaimahaikideetako bat izan zen Letona.
Aste honetan, Julian Arin irakurleak Simone de Beauvoiren Les mandarins liburua gomendatuko du.
Gainera, Irakurketa artea tartean, Ana Moralesek, Xerezaderen artxiboa literatur podcastaren egileak, testu bat ahots goran irakurtzean kontuan hartu beharreko zenbait puntu aipatuko ditu.
Bestalde, Jon Martinez 2020ko Galtzagorriren Booktuberboom lehiaketako bigarren saridunaren eskutik, Mussche liburuaren booktubeaz gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Hori guztia, eta saioa osatzen duten galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioak, gaur, 12:50ean, ETB1en eta eitb.eus-en.