Arte[faktua]
12:55ean
Miren Gorrotxategi, gaurko "Arte[faktua]" saioan
EITB Media
'Sotoan gordeak' bere bigarren eleberri beltza aurkeztuko du idazleak.
Gaur, Azpeitiko Miren Gorrotxategi idazle eta irakaslearekin elkartuko da "Arte[faktua]" Loiolako Santutegian. Sotoan gordeak eleberri beltza plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, Baztango udaletxeak eta (H)ilbeltza elkarteak eskainitako bekaren garaipena lortuta.
Nafarroako Viana herrian kokatuta dagoen mahasti eta ardo-upategi batean kokatu du eleberri honetako trama beltza egileak, Arduy familiaren ardandegian. Narrazioa hiru denbora-lerrotan egin du Gorrotxategik: 1989, 2009 eta 2019an, eta, beraz, atzera eta aurrera ibiliko da irakurlea korapiloa askatuko duen momentura arte. Gorrotxategiren bigarren eleberri honetan emakumezko pertsonaiek daukate tramaren pisurik handiena, zalantzarik gabe.
Gorrotxategik Laxaro Azkune gonbidatu du saiora. Gazte gaztetatik, idazten hasi zenean, ondoan izan duelako beti, eta bera izanik idatziak irakurtzen dituen lehenetarikoa, oso estimuan du bere osabaren iritzia. Azkune itzultzailea izan da, irakaslea, bertsolaritzan lan handia egindakoa, idazlea, eta batez ere, Loiolako Herri Irratiko esataria.
Gentz del Valle artista nafarraren apalategia ezagutzeko aukera ere izango dugu. Horretarako, Iruñeko Nafarroako Museora gerturatu gara, Basati/Salvaje/Wild erakusketaren kokagunera.
Angel Bidaurrazagaren eskutik iritsiko da aste honetako liburuaren gomendioa. Ekaitz Goienetxearen Zaldi mamorroa liburua aukeratu du horretako.
Booktubea, aldiz, Todor Azurtzak egina da. Azurtza Boiseko Bertso Eskolako sustatzailea da, eta aukeratu duen liburua Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik.
"Arte[faktua]" gaur izango da ikusgai 12:55ean ETB1en eta eitb.eus-en.