Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

13:25ean

Arantxa Urretabizkaia gonbidatu, gaurko "Arte[faktua]n

EITB Media

Ilaski Serranok gidatuko du aurrerantzean ETB1eko literatura saioa. "Gaur Egun" albistegiaren atarian izango da ikusgai larunbatero, 13:25ean

  • Ilaski Serranok Arantxa Urretabizkaia elkarrizketatuko du. Irudia: EITB Media

    Ilaski Serranok Arantxa Urretabizkaia elkarrizketatuko du. Irudia: EITB Media

Berrikuntzekin abiatuko da "Arte[faktua]" saioaren 6. denboraldia gaurkoan. Ilaski Serranok aurkeztuko du literatura saioa aurrerantzean eta eguerdiko "Gaur Egun" albistegiaren aurretik izango da ikusgai, 13:25ean, ETB1en eta eitb.eus-en. 

Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra elkarrizketatuko du Ilaski Serranok lehen saioan. Denbora luzez nobelarik argitaratu ez izan ondoren, Urretabizkaia Azken etxea (Pamiela) narrazioarekin itzuli da; eskema normatibotik at ibili den emakume baten amaierako urteetarako etxe-bilaketaren kontakizun bereziarekin. Bizitzeko eta izateko modu ezberdinen mugekin jokatuz, idazleak nobelan iraganaren itzal ezdeusezinari buruz hausnartu du. Honetaz guztiaz solastatzeko, Hondarribiko txoko batean elkartu da aurkezlea egilearekin. 

Nerea Azurmendi gonbidatuko du programara Urretabizkaiak, Diario Vasco egunkariko kazetaria. Azurmendik urte luzez egin du lan letren munduan, eta gertutik ezagutzen du Urretabizkaiaren lana. 

Mirari Aranburu irakurle bilbotarraren eskutik iritsiko da aste honetako literatur gomendioa. Horretarako, Isabel Mellenen Tierra de damas (Sans soleil) aukeratuko du, garai erromanikoan emakumeek izan zuten garrantziaren eta paperaren ikerketa, hain zuzen.  

Denboraldi honetan, Arte[saltzaileak] pasartea bueltan denez, Euskal Herriko liburu-denda ezberdinetara hurbilduko dira. Lehenengo atal honetan, programa Bilboko DDT Banaketak liburu-denda alternatibora gerturatuko da bertako laguntzaile Omar eta Iñigorekin kolektibo kultural honen historia eta berezitasunak ezagutzearren. 

Sakanako Iñigo Aritza ikastetxeko Intza Anton Flores ikaslearena izango da aste honetako booktubea

Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, gaur, arratsaldeko 13:25ean, ETB1en eta eitb.eus-en.