Asko maite zaitut
22:00etan
Jose Luis Mendilibar izango da, gaur, 'Asko Maite Zaitut' saioan
EiTB
Senitarteko eta lagunen omenaldia Astelena pilotalekuan jasoko du entrenatzaileak.
Jose Luis Mendilibar Eibar futbol taldeko entrenatzailea ezustean hartuko du Euskal Telebistako 'Asko Maite Zaitut' saioak gaur. Senitartekoek, lagunek eta lankide ohiek egingo dioten omenaldia, 22:00etatik aurrera, izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB1en.
Orain 56 urte jaio zen Zaldibarren Jose Luis Mendilibar Etxebarria. 14 urtez aritu zen futbolari moduan bigarren mailako hainbat taldeetan; urterik gehienak, zortzi hain zuzen, Sestaoko kamiseta defendatzen pasatu zituen.
Jokalari izateari utzi zionean, berriz, entrenatzaile ibilbideari ekin zion. 22 urte daramatza taldeak zuzentzen, eta urte horietan guztietan egindako lanari esker lortu du ospea eta errekonozimendua. Egun Eibarko entrenatzaile denak maila ezberdinetako talde asko entrenatu ditu; besteak beste, Lanzarote, Valladolid, Athletic, Levante eta Osasuna aipa daitezke.
Eta hain justu, Eibar taldeko peña bat izango da Jose Luisi egingo zaion omenaldiaren bultzatzaile nagusia. Eskozia La Brava elkartearen izenean hitz egingo dute Miren Zubizarretak eta Olaia Gallastegik. Eibar taldearen jarraitzaile sutsuak dira Eskozia La Bravako kide guztiak eta Jose Luis Mendilibarri, Eibar futbol taldeari eman dion guztiagatik eskerrak eman nahi dizkiote.
Bestalde, Manix Mandiola eta Joseba Llorente ere izango dituzte solaskide. Mendilibarren agindupean egon zen Joseba Llorente 2004ean Eibarren eta 2007an Valladoliden. Mendilibarrekin bizi izan zituen jokalari gisa bere unerik gozoenetakoak hondarribiarrak. Bestalde, Manix Mandiolak eta Jose Luisek elkarrekin jokatu zuten Sestao taldean 1986an. Harrez geroztik, lagun-minak dira eta biek ibilbide bera edukiko dute, jokalari izatetik entrenatzaile izatera pasa direlako.
Mendilibar jokalari bezala nolakoa zen azalduko digu Manixek. Bere hitzetan, Jose Luis jokalariak ez luke jokatuko Jose Luis entrenatzaileak zuzendutako talde batean. Anekdota oso polita kontatuko digu gainera. Oso pelotazaleak dira biak eta 2009an pilota partida jokatu omen zuten Juan Martínez de Irujo eta Pello Martínez de Eulateren aurka Eibarko Astelenan. Arau bereziak zituzten Juanek eta Pellok; eta Manixek dio 22-0 irabazi zietela. Juan dezente haserretu omen zen. Igandeko atalean, pilotariak agertuko dira sorpresaz errebantxa eske eta orduan gertatutakoa nola izan zen kontatuko digute.
Anton Ortuondo, Jose Ramon Etxebarria 'Etxeba' eta Jose Mari Belar ere hartuko dituzte gonbidatu. Jose Luisen Zaldibarko koadrilako lagunak dira hauek. Jende askok ez du jakingo Jose Luis oso pilotari fina zela gaztetan; Zalbidar ordezkatuz, birritan Bizkaiko Herri Arteko pilota txapelketa irabazitakoa. Halako batean, futbolaren eta pilotaren artean erabaki behar izan zuen Jose Luisek. Hautua nola egin zuen kontatuko dute lagunek, eta lagun bezala nolakoa den ere azalduko dute.
Bukatzeko, Jaione eta Aitor Mendilibar, Jose Luisen alaba eta semea izango dituzte programan. Hauei esker ezagutuko dugu nolakoa den etxean eta familiartean.