Itxi

Bago!az

Bago!az

Bago!az

Faboritoaren bozketa

Imanol Cabrejas izan da 'Bago!az'eko lehiakide gustukoena!

A.A. | EITB

eitb.eus/bagoaz webgunean egindako bozketan Bilboko gazteak jaso ditu boto gehien. "Go!azen"en grabaziora bisita egiteko aukera Barakaldora joan da.

Imanol Cabrejas izan da "Bago!az" saioko faboritoaren bozketan irabazle suertatu den lehiakidea. Botoen % 36 eskuratu ditu, bigarren postuan gelditu den Iholdi Beristainek baino 14 puntu gehiago.

Imanol saio bakarrean ikusteko aukera izan genuen. Parte hartu zuen lehen atalean kanporatu zuen epaimahaiak; baina badu zerbait berezia mutil honek, Alex Sarduik behintzat hala aitortu zuen. Parte hartu zuen saio horretan Iker Laurobaren "Berria auzoan" abestu zuen Iñigo Azpitarterekin batera.

Faboritoaren bozketako bigarren postuan gelditu da Iholdi Beristain, "Bago!az"eko txapelduna. Iholdi hasieratik aritu da lehian ETB1eko saio honetan eta eboluzio ikusgarria izan du. Horixe goraipatu zuen epaimahaiak lehiaketako irabazle izendatu zuenean. "Bago!az"eko txapelduna izan denez, "Go!azen" telesaileko aktoreetako bat izango da Portugaleteko gaztea.

"Go!azen"en grabaziora bisita

Bozketa honetan bost mila bototik gora jaso ditugu botoa emateko aukera izan den lau asteetan. MILA ESKER parte hartu duzuen guztioi! Guztion artean zozketa egin dugu, "Go!azen" telesaila grabatzeko lanak ikustera joateko aukera nork izango duen jakiteko. Irabazlea honako hau da: Xabier Abad Perez, Barakaldokoa. Grabazioa hasten denean, egun batez, nola grabatzen duten ikustera joateko aukera izango du beste hiru lagunekin batera.

Telesaileko arduradunak berarekin harremanetan jarriko dira saria noiz goza dezakeen jakinarazteko.