Itxi

Bago!az

Bago!az

Bago!az

22:30ean

'BaGo!az'en hirugarren denboraldia abian jarriko da gaur gauean

EiTB

Artista gazteek 'Go!azen'en hurrengo denboraldian parte hartzeko aukera izango dute jokoan berriro ere Zuriñe Hidalgok aurkezten duen saioan.

  • Zuriñe Hidalgo eta 'Bago!az'eko coachak

    Zuriñe Hidalgo eta 'Bago!az'eko coachak

Gaur gauean jarriko da abian 'BaGo!az' lehiaketaren hirugarren denboraldia, Zuriñe Hidalgok aurkeztuta. Gazteek garaipena lortzeko lehian jarraituko dute, eta saria, beste behin, 'Go!azen'en hurrengo denboraldian parte hartzea izango da, Iholdi Beristainek eta Maria Redondok aurretik egin zuten bezala. Ospetsuek laguntzaile moduan egingo dute lan berriro ere, eta musika eta umorea izango dira saioaren ardatz. Baina aurten, berrikuntza garrantzitsu bat dakarte: lehian dauden gazteen lekua hartzeko irrikan dauden beste hainbeste gazte izango dituzte platoan, bere aukeraren zain. Iaz lehiakide izan zen Andoni Ollokiegi izango da bide horretan 'babesle'.

Aurten zazpi izango dira lehiaketan hasiko diren abeslariak, eta beste horrenbeste, coachak (sei finko eta 'Go!azen'eko aktore gazte gonbidatu bat astero). Hartara, Anjel Alkain, Xabier Saldias, Ylenia Baglietto, Maria Amolategi, Alex Sardui eta Iker Villa izango dituzte lagun lehiakideek, eta, lehen aste honetan, Maria Redondo, iazko 'BaGo!az' saioko irabazle eta 'Go!azen'eko aktorea.

Iaz bezala, lehiakideek eta coach-ek elkarrekin abestuko dute, bikoteka, eta irabazle eta galtzaile bat egongo da astero, lehenengo saiotik. Baina oraingoan, galtzaileak ez du saioa zuzenean utziko. 'BaGo!az'en jarraitzeko aukera izango du, bere lekua hartu nahi duen hautagai baten kontrako lehiaketa irabaziz gero.

Andoni Ollokiegi eta zortzi lehiakidegai

Aurtengo berrikuntza nagusia Andoni Ollokiegik eta zortzi lehiakidegaiek ekarriko dute. Denboraldi honetako lehen atalean, coachek aukeratutako zazpi lehiakidek hartuko dute parte, baina Andonik berarekin ditu leku horietako bat hartu nahiko luketen zortzi hautagai.

Horregatik, saio bakoitzean azken postuan gelditu den lehiakideak duelua egin beharko du Andonik aukeratutako lehiakidegai baten aurka. Andoniren gitarraren laguntzaz, bi kantarik abesti bereko hainbat zati kantatuko dituzte, eta bietako batek jarraituko du saioan; coachek hartuko dute erabakia. 8. atalean bukatuko da formatu hori, eta 9. ataletik aurrera kanporatuek ez dute ordezko lehiakiderik izango. Horrela, hiru lehiakide iritsiko dira final handira.

Lehiakidegai bakoitzak aukera bakarra izango du saioan sartzeko, hau da, duelu batean arituko da kantuan. Duelua irabaziz gero, saioan parte hartzera sartuko da. Duelua galduz gero, zuzenean geratuko da kanpoan. Halaber, saio guztietan, lehiakidegai guztiek abesti bat kantatuko dute Andonirekin batera, eta euren aurpegiak ezagutzen hasiko dira ikus-entzuleak.

'BaGo!az'eko atal bakoitzaren amaieran, zazpi emanaldiak ikusi eta gero, coachek bozkatu egingo dute, eta irabazle bat eta 'izendatu' bat aterako da bozketatik. Bere parte-hartzea kolokan duen lehiakideak Andoniren taldeko aurkaria nor izango den jakingo du orduan, eta, astean zehar, abesti bat prestatu beharko dute Andonirekin eta beste bat egokitu zaien coacharekin.

Hurrengo saioaren hasieran, elkarrekin abestuko dute biek, Andonirekin batera, eta coachek erabakiko dute duelu horretako irabazlea nor den. Saioan jarraituko duen lehiakideak aurreko astean egokitu zitzaion ospetsuarekin abestuko du geroago, eta galtzaileak agur esango dio lehiaketari.

Aste honetako lehen saioan, Lady Gaga, Beyonce, Anne-Marie, Bob Marley eta Su Ta Gar artista eta taldeen abestiekin lehia bizi-bizian izango dira partaideak.

'BaGo!az' 22:30ean izango da ikusgai asteazkenero ETB1en eta eitb.eus-en. Bigarren emanaldi bat ere izango du ostiraletan, 21:00etan.