Itxi

Baserria

Baserria

Baserria

22:00etan

Gaur estreinatuko da "Baserria", Euskal Telebistako lehiaketa berria

EITB Media

Klaudio Landak aurkezten duen reality berri honetan, 10 bikote neurtuko dira baserritar onenak direla erakusteko lehian.

0:29

Gaur -urtarrilak 10- hasiko da ETB1en "Baserria" izeneko lehiaketa berria, 22:00etan. Reality berezi honetako 20 parte-hartzaileak (10 gizon eta 10 emakume), elkarrekin biziko dira benetako baserri batean, landa eremuko egunerokotasun gogorrari aurre eginez.

Atalez atal, baserrian irauteko gakoa abilezia eta gaitasun probetan egongo da, baina baita elkarbizitzan ere. Ondorioz, tentsioa, emozioa, sufrimendua, haserreak eta une dibertigarriak bermatuta daude reality berritzaile honetan.

Baserritarrak eta kaletarrak

"Baserria" saioan lehiakideak binaka neurtuko dira. Bikote bakoitzean, eskarmentu handiko baserritar bat eta kaletar peto-peto bana elkartuko dira. Mundu ezberdinetatik etorriak izan arren, baserritarraren jakintza eta trebetasuna bezain garrantzitsua izango da kaletarraren ikasteko gogoa, eta biak ondoen uztartzen dituen bikotea izango da 6.000 euroko sariaren irabazlea.

Saioaren atal bakoitzean, taldeka zein buruz buru, baserri munduan oinarritutako proba ikusgarriak gainditu beharko dituzte lehiakideek. Besteak beste, lanabes bereziekin, abereekin edo traktoreekin trebeenak direla erakutsi beharko dute lehiaketa irabazteko.

Epaileen begirada zorrotza

Atal bakoitzean, tentsioz beteriko uneak biziko dira baserriko negutegian (saioko asanblada lekuan), bertan lehiakideen lana zorrotz epaituko baitute adituek. Klaudio Landa aurkezlearen gidaritzapean, Kristina Saralegi baserritarra eta Patxi Larretxea baso-gizona arduratuko dira lehiakideei aholkuak eman eta Baserriko arauak behar bezala errespetarazteaz.

Gure arbasoen jakintza errespetatuz, baserritar belaunaldi berriak lehian jarriko dituen reality ikusgarria da "Baserria". Gaur hasita, igandero, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etatik aurrera.

Saio eta lehiakideen inguruko informazio guztia eitb.eus-eko "Baserria"-ren webgunean topatu daiteke. Halaber, bertan Gaztea markapean atal bat izango da lehiakideekin grabatutako eduki propioekin. Gazteak sareetan ere zabalduko ditu eduki hauek.