Baserria
21:30ean
Natalia eta Xegone "Baserria"ko azken kanporatuak, gaur, "Eztabaidan" saioan
EITB Media
Lehiakide ohiek euren bizipenak ekarriko dituzte gogora, eta, gainera, hurrengo atalaren aurrerapena izango da ikusgai.
-
Xegone eta Natalia "Baserria" saioan. Argazkia: EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia
Igandean, Xabik eta Amalurrek Xegone eta Natalia "Baserria" saiotik kanporatu zituzten marmiten erronkan. Ordu erdi baino gehiago egon ziren Xabi eta Xegone 10 kilotik gorako bina marmitari eusten, eta, azkenean, Xegoneri kaikuetako bat erori zitzaion. Beraz, Xabi eta Amalur izan ziren irabazleak, eta Nataliak eta Xegonek etxerako bidea hartu behar izan zuten.
Kanporatutako bi lehiakideak "Eztabaidan" saioan izango dituzte gonbidatu nagusi, eta euren esperientziaren berri emango dute. Bestalde, Klaudio Landak datorren igandeko atalaren irudi batzuk aurreratuko ditu.
Ostegunetan, berriz, "Baserria" saioaren webgunean martxan jarritako lehiaketaren berri ere emango dute. Erabiltzaileek saio bakoitzeko baserritar onena eta kaletar onena nor den aukeratu ahalko dute, eta azken ataleko kaletar eta baserritar onena nor izan den argitu eta ranking orokorra zertan den azalduko dute "Eztabaidan" saioan ostegunero. Igandeko saioko edukiak ikusteko aukera ere izango da.
"Eztabaidan" saioa 21:30ean izaten da ikusgai astelehenetik ostegunera ETB1en eta eitb.eus-en.