Itxi

Baserria

Baserria

Baserria

Aurkezpena

Irailaren 19an estreinatuko du ETBk "Baserria" saioaren denboraldi berria

EITB Media

Klaudio Landak aurkeztuta, igandetan izango da ikusgai baserritar eta kaletar bikoteen arteko lehiaketa; eta asteartero, aurtengo nobedade gisa, eztabaida saioa platotik zuzenean. "Baserria Chatbot" joko interaktiboa izango du aurtengo edizioak, eta "Baserria" app berria ere estreinatu du EITBk.

14
  • "Baserria"ren aurkezpena

  • Klaudio Landa eta Unai Iparragirre

    Klaudio Landa eta Unai Iparragirre

  • Unai Iparragirre

    Unai Iparragirre

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"k APPa izango du aurten

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"ren aurkezpena

  • "Baserria"ren aurkezpena

Irailaren 19an estreinatuko da ETBn "Baserria" realityaren 2. denboraldia. Lehen edizioko arrakastaren ostean, Klaudio Landak gidatutako saioa berriz ere izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, oraingoan, gainera, eskaintza bikoitzarekin. Batetik lehiaketaren atal bat igandetan; eta bestetik, eztabaida saioa astearte gauetan, zuzenean, aurreko igandean ikusitako bizipenak aztertzeko. Horretarako, hainbat gonbidatu izango dituzte, astero, Klaudioren platoan.

Asteazken honetan, irailak 1, egin da "Baserria" saioaren denboraldi berriaren aurkezpena, Gasteizko FesTVal telebista jaialdiaren barruan. Europa Jauregian izan da ekitaldia eta bertan izan dira Unai Iparragirre ETBko zuzendaria, Klaudio Landa saioaren aurkezlea eta programaren bi aditu berriak: Amalur Arbelaitz eta Ion Areitio.

Klaudio Landa, Ion Areitio eta Amalur Arbelaitz (EITB Media)

Klaudio Landa, Ion Areitio eta Amalur Arbelaitz (EITB Media)

Saioaren izaerarekin bat eginez, lasto-proba ikusgarria egin du EITBk bertan, baserriaren arima hirira ekarrita. Lasto-fardoak eta nekazal makinaria deigarria erabili dituzte, publikoaren laguntzarekin realityaren lehen proba hirian bertan berregiteko.

Lasto-fardoekin egindako proba (EITB Media)

Lasto-fardoekin egindako proba (EITB Media)

Goizeko aurkezpenaren ondoren, FesTVal jaialdian ere, saioaren aurrestreinaldia egingo da 19:00etan, Europa Jauregiko María de Maeztu auditorioan. Denboraldi honetako lehen atala ikusteko aukera izango da bertan.

24 lehiakide, 6000 euroko sariaren bila

Bigarren edizio honetarako 400 pertsona baino gehiago aurkeztu ziren castingetara, eta horietatik 24 izan dira hautatuak oraingo denboraldi honetan lehiatzeko. Beraz, 24 izango dira oraingoan lehiakideak guztira, 12 kaletar eta 12 baserritar, sei bikoteko bi taldetan banatuta: Goienetxeatarrak eta Bengoetxeatarrak. Lehiaketaren egitura, baina, ez da aldatuko: kaletar batez eta baserritar batez osatutako hamabi bikote horiek elkarrekin biziko dira benetako baserri batean, Gautegiz Arteagako Baratze baserrian, landa eremuko egunerokotasun gogorrari aurre eginez. Ohi bezala, taldekako eta bikotekako frogei aurre egin beharko diete, betiere baserri eta landa eremuko lanak oinarri. Saio bakoitzean, beraz, auzolan froga izango dute, taldeka; eta desafioa (bi bikote elkarren kontra). Kaleratuko den bikotea zein den erabakiko da desafio horretan.

Mundu ezberdinetatik etorriak izan arren, baserritarraren jakintza eta trebetasuna bezain garrantzitsua izango da kaletarraren ikasteko gogoa, eta biak ondoen uztartzen dituen bikotea izango da 6000 euroko sariaren irabazlea. Ikus-entzuleek, gainera, denboraldiko bikote onena hautatzeko aukera izango dute aurten ere.

Aditu berriak

Klaudio Landaren ondoan bi aditu berri izango ditugu lehiakideei aholkuak eman, arauak gogorarazteko eta epaile lanetan: Amalur Arbelaitz, lehen edizioko parte hartzaile eta ikusleentzat baserritar onena izan zena; eta Ion Areitio, Hondarribiko baserritar eta abeltzain gaztea.

"Baserria Chatbot" joko interaktiboa eta saioaren app berria

Aurten, berrikuntza bezala, "Baserria Chatbot"a izango dugu, programaren jarraitzaileek Facebook eta Instagramen jokatu ahal izango duten joko digital interaktiboa. Joko digital honi esker, programaren zaleak "Baserria" saioaren unibertsoan murgildu ahal izango dira programaren partaide birtual bezala, eta puntu gehien lortzen duten jarraitzaileek programarekin eta baserriaren munduarekin lotutako sariak irabazi ahal izango dituzte.

Gainera, denboraldi honetan "Baserria" saioaren app berezia izango dugu eskura eta, bertan, bideoak, lehiakideen txokoa, lehiaketak, inkestak… izango dira ikusgai. Aurkezpenaren egunarekin bat eginez, irailaren 1ean bertan jarri da app berria martxan, eduki esklusibo batekin gainera: denboraldi berriko lehen 12 lehiakideen izenak. Hauek dira lehen 12 lehiakide horiek: Ainhize Azpiazu, Camilo Astiz, Eneko Elexpuru, Lucía Garmendia, Markel Goikolea Goiko eta Naiara Carreto kaletarrak; eta Aitziber Martiarena, Edurne Arribillaga, Haritz Orcaray Petatu, Jokin Urretabizkaia, Miren Aranberri eta Zigor Egaña baserritarrak. Horien guztien inguruko informazioa jada eskuragarri dago "Baserria" saioaren app berrian. Programaren estreinaldia iritsi ahala, beste 12 lehiakideak ere emango dira ezagutzera app berri horretan, irailaren 19a baino lehen. "Baserria" app berria eskuragarri dago Play Store-n eta Apple Store-n.

'Baserria' app berria (EITB Media)

'Baserria' app berria (EITB Media)

Orain arte bezala, saioak webgune propioa izango du eitb.eus-en: eitb.eus/baserria. Bertan saioaren inguruko informazio guztia izango da eskuragai: albisteak, bideoak, argazkiak, atalak osorik… Gainera, saioaren atal guztiak ikusgai izango dira, noiznahi eta nonahi, EITB Nahieran plataforman. EITBren YouTube kanalean ere "Baserria" saioaren edukiak argitaratuko dira, tartean asteartetako eztabaida programak.

Sare sozialei dagokionez, presentzia are handiagoa izango du saioaren 2. denboraldi honek. Facebooken (facebook.com/baserriaeitb) eta Twitterren (@baserriaEITB) edukiak partekatuko dira eta, nobedade gisa, Tik Token kontua (tiktok.com/@baserria.eitbofficial) ere izango du programak. Bertan lehiakideek beraiek grabatutako bideoak ikusteko aukera izango da.

Aurten ere, nola ez, lehiakideen arteko challenge edo desafio bereziak ikusiko ditugu saiotik kanpo ere, eta horiek guztiak app berrian egongo dira.

Halaber, debateen aurretik, InstaLive bat egingo da (instagram.com/baserria_eitb kontuan); eta bi Twitch emanaldi ere izango ditu denboraldi honek EITBtwitch kanalean: denboraldi berriko estreinaldian eta final handian.

"Baserria" saioa irratian ere, Gaztearen eskutik

 Joan den denboraldian bezala, Gazteak jarraipen berezia egingo dio realityari, eta astero programako kanporatuak hartuko dituzte "Gu" saioan. Webgune eta sare sozialetan ere lekua izango du, lehiakideen inguruko eduki bereziekin.

Lehen edizio arrakastatsua

2021eko urtarrilean estreinatu zen ETB1en "Baserria" saioaren lehen denboraldia, eta audientziaren babes zabala izan zuen. % 4,7ko audientzia zatia lortu zuen batez beste bere lehen denboraldian, eta euskaldunen artean nagusi izan zen % 11,9ko audientzia kuotarekin. Bereziki arrakasta handia izan zuen 25 eta 44 urte bitarteko ikusleen artean. Saioak batez beste 120.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan. Gainera, formatua bere katalogoan sartu du nazioarteko ekoizle eta banatzaile handienetako batek.

Berriz ere Goienetxeatarrak eta Bengoetxeatarrak lehian, "Baserria" saioaren denboraldi berrian. Irailaren 19tik aurrera, astero bi hitzordu ETB1en eta eitb.eus-en: Igandetan realityaren atalak, 22:00etan; eta asteartetan eztabaida, zuzenean, 22:30ean.