Baskoniako Historia bat
22:25ean, ETB1en
Baskoniako herri gerrariak, gaur, 'Baskoniako Historia Bat' saioan
EITB
Baskoiak, barduliarrak eta karistiarrak, Burdin Aroan Euskal Herrian bizi izan ziren antzinako herriak, aztertuko ditu aste honetako saioak.
'Vasconia' eta 'vasco' izena bera antzinako baskoi herritarren izenetik datoz, duela 2.000 urte baino gehiago Euskal Herrian bizi ziren herritarren herri-izenetik. Baina, baskoiak eta Euskal Herriko antzinako beste herri batzuk, hala nola, barduliarrak edo karistiarrak, herri misteriotsuak dira. Gaurko 'Baskoniako Historia Bat' saioak argia jarriko du herri horien ohitura eta bizimoduaren gainean.
Burdin Aroa deitutako aroa, Kristo aurreko VIII. mendetik Kristo aurreko I. mendera doana, maiz ahaztu egin dute gure historian adituek. Gure arbasoak jende primitiboa eta ibiltaria zela uste izan da luzaroan, haitzuloetatik atera zirenetik aldatu ez zirela eta, erromatarrak heldu arte, euskal mendietan bakartuta bizi izan zirela.
Oker genbiltzan, ordea: herri aurreratua zen, erabat garatua, eta lehen hiribildu harresituak asmatu zituen, eta herrigune handitan batu ziren.
Bestalde, cromlech mairu-baratzek, euskal mendietako harrizko zirkulu harrigarriek, zer esanahi zuten? 'Euskal arima'ren adierazpen dira, XX. mendeko intelektual eta artista batzuek uste zuten bezala?
'Baskoniako Historia Bat' gaur izango da ikusgai, 22:25etik aurrera, ETB1en.
strong>