Biba Zuek
18:00etan
Garikoitz Mendizabal, gaur arratsaldean, "Biba Zuek!" saioan
EITB Media
Aurretik, Biak Bat elkartearen lana ezagutuko dute. Animaliek lagunduta, aniztasun funtzionala duten edo zailtasun sozialean dauden pertsonen ongizatea hobetzea dute helburu.
-
Garikoitz Mendizabal. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Gaur arratsaldean, Bizipoza proiektuko elkarteen lana ezagutzen jarraituko dute "Biba Zuek!" saioan. Bizipozak laguntza afektiboa eta materiala eskaintzen die haurren eta familien ongizatea bilatzeko helburuarekin gizarte-kezka jakin baten inguruan sortutako taldeei, eta ETB1eko programan asteak daramatzate proiektuaz hitz egiten eta bertako zenbait elkartek egin dituzten bideoklipak aurkezten. Gaurko saioan, Biak Bat elkartearen lana izango dute hizpide, eta euskal sortzaileekin egindako Amigo bideoklipa izango da ikusgai.
Biak Bat elkartea Altsasun sortu zen 2011n eta, animaliek lagunduta, aniztasun funtzionala duten edo zailtasun sozialean dauden pertsonen ongizatea hobetzea dute helburu. Anabel Arraiza aktore eta aurkezleak jarri dio ahotsa abestiari, Mikel Urdangarinekin batera, eta platoan izango da.
Bigarren orduko gonbidatua, berriz, Garikoitz Mendizabal txistularia izango da. Mendizabalek Bilboko Udal Txistularien Banda zuzentzen du 2004tik eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteko presidentea da.
"Biba Zuek!" astelehenetik ostiralera dugu ikusgai, zuzenean, 18:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.