Itxi

Biba Zuek

Biba Zuek

Biba Zuek

EITB Taldea

Telebista eta mugikorraren arteko aldibereko lehen joko esperientziaren buru izan da ETB1, arrakastatsu

EITB Media

20.000 lagunek jokatu dute aldi berean "Biba Egunean Behin!" lehiaketaren final sinkronizatua: inoiz telebistan egin den telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketa handiena.

  • Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus.

    Xabier Sukia eta Maddalen Arzallus. Irudia: EITB Media

Ostegun gauean, "Biba Egunean Behin!" lehiaketaren final sinkronizatu handia eskaini zuen ETB1ek partaidetza arrakasta handiarekin: 20.000 lagunek jokatu dute aldi berean inoiz telebistan egin den telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketa handiena. ETB1 jolas esperientzia berritzaile honen sustatzaile nagusia izan da eta orain arte inoiz ikusi gabeko final honetan, lehiakideek euren telefono mugikorren bitartez parte hartu dute Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek aurkeztu duten telebista saioan.

Ia 26.000 erabiltzaile konektatu dira "Egunean Behin" aplikaziora zuzenekoak iraun duen bitartean. Lau jokaldi egon dira, eta denera, 53.594 partida jokatu dira.

Bestalde, platoan, hiru bikote aritu dira zuzenean jolasten, telefono mugikorretatik konektatu diren milaka lehiakideekin batera: Antton Telleria eta Ainhoa Vitoria Gazteako kazetariak; Mikel Perez "El Conquistador del Fin del Mundo"ko aurkezlea eta Julen Otxotorena, eta Xabier Orbegozo Arria V aizkolaria eta Oihane Mateos kazetaria. Irabazlea Bakartxo lehiakidea izan da eta 2000 euroko bidaia txartela jaso du sari bezala. Halaber, parte hartzaile guztien artean 1000 euroko beste txartel bat zozkatu da egoera berean bidaiatzeko.

ETB1eko saioak audientziaren harrera bikaina izan du: % 5,7ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 14,3ko kuota eskuratu ditu. Halaber, 63.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du orain arte inoiz ikusi gabeko finalak Euskadin eta eragin eremuan.

EITBLab

EITBLab ideia eta eduki berrien laborategiaren eskutik eta CodeSyntax enpresarekin aliantzan landu du EITBk "Egunean Behin"en finala ETB1erako. Techno-taiment formatuarekin bide berri bat urratzea izan da EITBLaben asmoa: egun berean, ordu berean eta lehiaketa berarekin sakelakoa eta telebista lotzea eta milaka lagun lehia bizian jartzea. Hartara, EITBk ETB1en arratsaldetan arrakasta handiz eskaintzen den "Biba Zuek!" saioko lan-taldeak moldatu du "Biba Egunean Behin!" berezia.