Chiloé
Estreinaldia
"Chiloé, Lasterka Munduan" saioak 4. denboraldia estreinatuko du gaur gauean
EiTB
Asteartero, ETB1en, 22:30etik aurrera izango dira ikusgai Zigor Iturrietaren bidaia eta erronka berriak.
"Chiloé, Lasterka Munduan" saioa gaur itzuliko da Euskal Telebistako programaziora. Kirola eginez, munduan zehar bidaiatzen jarraituko du Zigor Iturrietak saioaren laugarren denboraldian. ETB1ek astearte gauetan eskainiko ditu atal berriak, 22:30ean.
Japoniako Yamaguchi prefekturan, Azoreetako San Miguel uhartean, Frantziako Vendée departamenduan eta Menorca eta Kanaria Handia uharteetan bizitako esperientziekin gozatu ahalko dugu oraingo honetan. Lekuan lekuko kultura, gastronomia, jendea eta parajeak ezagutzeaz gain, mendi lasterketa ezagunetan hartuko du parte bizkaitarrak.
Japonia, Yamaguchi eta Akiyoshidai Trail Run Lasterketa
Lehenbiziko atalean, Japoniako Yamaguchi prefektura bisitatuko du Zigor Iturrietak. Yamaguchi aukeratu zuen Xabierko San Frantzisko misiolari nafarrak Japonia kristautzeko. Bertako hiriburua ezagutu ostean, kostaldera joko du Iturrietak, Shimonoseki, Hagi eta Nagato bisitatzeko. Mineko Akiyoshidai Parke Nazionalean, berriz, ultra trail lasterketan parte hartuko du.
Jaiotzez bilbotarra den eta Iruñean bizi izan den Efrain Villamor izango dute atal honetan gidari eta lagun Yamaguchi ezagutzeko. Berarekin, inguruotako harribitxia den Ruriko-ji tenplua eta bertako bost solairuko pagoda famatua ezagutuko dituzte. Shimonoseki hirian, aldiz, Zigorrek globo-arrain pozoitsua dastatzeko aukera izango du, eta samurai gerlarien jantziak probatuko ditu soinean. Hagi hirian, Tokoji tenplua bisitatuko dute. 1691n sortu zen eta Edo aroan gobernatu zuten jaun feudalen hilobiak daude bertan. Bukatzeko, Japonian oso famatua den kostaldeko leku magiko bat ezagutuko dute, Motonosumi Shrine tenplua. 1955ean sortua, ustez azeri zuri baten espirituak eskatuta, Motonosumi santutegia eta bere ate torii gorriak Yamaguchiko tokirik ezagunenetako bat bihurtu dira.
"Chiloé, Lasterka Munduan" saioaren 4. denboraldia, asteartero, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.