DBH
ETB-1en
Asier Hormaza, 'DBH' telesaileko irakasle berria
A.A.
EITB
Markel da, lankideak bere onetik ateratzen dituen Ingeleseko irakaslea.
Irakasle berria iritsi da egunero ETB-1en ematen den 'DBH' telesaileko institutura, Markel. Ingeleseko klaseak ematen ditu eta bilbotarra da. Asier Hormaza aktoreak hezurmamitzen du haren papera.
Euskal Herriko lehenengotariko gay dibortziatua da Markel. Orojakilea: Juan Mariri urtebetetzetako opari egokia erosten edo Izaskunentzako flakatzeko dieta asmatzen jakingo du. Beste irakasleak bere onetik ateratzeko abilidade berezia izango du. Umore zorrotzeko gizona da.
Buruhausteak buruhauste, Juan Marik (Ramon Agirre) institutuko zuzendari izaten jarraitzen du. Bere lana ongi egingo duenaren itxura duen arren, arazo eta korapilo guztietatik ihes egiten saiatzen da beti.
"Unanue!!!!" da Juan Marik sarritan ahoskatzen duen izena. Izan ere, Soinketako irakaslea, Joseba Apaolaza, bere lana eta oro har bizitza patxadaz hartzen duen gizona da, baldar samarra, motza eta inozo samarra.
Lanerako gogo gutxi erakusten duenetako beste bat Izaskun (Elena Irureta) dugu, aurrejubilazioa hartzeko irrikaz baitago. Gizarteko irakaslea izaera gogorreko emakumea da, antisoziala eta jenio bizikoa.
Larraitz (Sara Cozar) guztiz kontrakoa da, maitagarria, jatorra, lankideekin adeitsua. Musikako klaseak ematen ditu.
Irakasle klaustro honetako hirugarren emakumea Eli (Nagore Orbeltzu) da, Natur Zientziak erakusten ditu. Hippiea eta okupa izandakoa da, barazkijalea ere bai, beti bere munduan egoten dena.
Hasier (Mikel Martinez) ezohiko Euskara irakasleak, Xabier (Xabi San Sebastian) Matematikakoak eta Sebas (Asier Sota) Plastikakoak osatzen dute taldea.
Kamera finko baten aurrean aurrera eta atzera ibiliko diren hezitzaile horien gorabeherak eta estutasunak ditugu ikusgai 'DBH' telesailean, umorea ardatz gisa hartuta.
'DBH' K2000, Txintxeta eta ETBren ekoizpena da. Nagore Aranburu da zuzendaria, Anartz Zuazua aktore zuzendaria eta gidoilari taldean, berriz, Mikel Pagadik, Angel Burgañak eta Egoitz Lasak dihardute.