Debatea
22:15ean
Josu Erkoreka gonbidatu, gaurko 'Debatea' saioan
A.E.
EiTB
Eztabaidan, berriz, euskara hutsean ematen duten D ereduko irakasleei buruz Guardia Zibilaren txostenak piztutako polemikaz arituko dira, eta baita Soziometroan argitaratutako datuez ere.
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, 'Debatea' saioan izango da gaur gauean. Urtebete pasa da Urkulluk hauteskundeak irabazi eta Gobernuko bozeramaile gisa lanean hasi zenetik. Balantzea egiteko garaia da, eta horren inguruko hausnarketa egiteaz gainera, egun-eguneko gaiei buruz arituko da Erkoreka.
Eztabaidarako atalean, bi gai nagusi izango ditu saioak. Guardia Zibilak euskara hutsean ematen duten D ereduko irakasleei buruz eginiko txostenak piztu berri duen polemikaz arituko dira, lehenik eta behin. Txosten horren arabera, D ereduan ari diren Nafarroako 1.600 maisu-maistra ikertu ondoren, lautik bat «etazalea» da. UPNk dagoeneko jo du Madrilera neurri eske, eta PPri gai honen inguruko kode penala aldatzea eskatuko dio.
Gai honen inguruan eztabaidatzeko, honako solaskide hauek izango ditu saioak: Karmelo Landa (EHUko irakaslea), Mikel Aranburu (irakaslea), Aiora Epelde (Sortzen elkarteko bozeramailea), Andoni Unzalu (informatikaria), Begoña Sanzberro (Nafarroako UPN taldeko legebiltzarkidea), Vanessa Velez (PPko Lasarte-Oriako zinegotzia), Maria Eugenia Arrizabalaga (GBBko bozeramailea), Mikel Arana (legebiltzarkide ohia) eta Pilar Etxabe (FEGUIAPA-CONCAPAko kide ohia).
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren azken soziometroaren datuak argitaratu dira aste honetan. Bertan, besteak beste, Euskal Herriko independentziari, eta alderdi politiko eta euren buruzagiei buruzko datuak eman dira ezagutzera. Datuak ikusita, hausnarketarako sasoi berri batean sartu al gara? Zer eskatzen die euskal gizarteak alderdi politikoei? Hauek izango dira Xabier Usabiagak aurkezten duen saioan eztabaidatuko diren gaiak.
'Debatea' 22:15ean dago ikusgai ETB1en.