Debatea
22:30ean
Aktualitate politikoa gertutik, gaurko 'Debatea'n
A.H.
EITB
Besteak beste, EAJk Carlos Urquijoren dimisioa eskatu izanaz eta Espainiako Barne ministroak ETAko presoei buruz egindako adierazpenez arituko dira.
Hauteskundeak gerturatzen ari diren heinean, tenperatura politikoak gora egin du, eta argi ikusi da azken asteotan politikarien adierazpenetan eta ekintzetan. Bi adibide aztertuko dituzte gaur gauean 'Debatea' saioan: EAJk Carlos Urquijoren dimisioa eskatu izana eta Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ETAko presoei buruz egindako adierazpenak.
Horrekin batera, aste honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan polemika piztu duen gai bat aztertuko dute: Ogasunari iruzur egiten dieten iruzurgile handien zerrendak publikoa ala pribatua izan behar du?
Gai hauen inguruan jarduteko, Luis Haranburu Altuna idazlea, Ion Telleria Naiz komunikabideko kazetaria, Jose Felix Azurmendi kazetaria, Joseba Sobrino analista politikoa, Jose Ramon Beloki EAJko diputatu ohia, Galder del Campo abokatua, Arantza Urretabizkaia idazlea eta Andoni Unzalu informatikaria izango dira saioan.
'Debatea' gaur emitituko da, 22:30etik aurrera, ETB1en.