Debatea
22:15ean
Presoen korapiloa askatzen, gaurko 'Debatea' saioan
A.H.
EITB
Azken egunetako gertakariak aztertuz, orain hiru urte hasi zen euskal bake prozesuari neurria hartuko dio saioak, Xabier Usabiagak aurkeztuta.
Hiru urte beteko dira ETAk behin betiko bere ekinbide armatuaren amaiera iragarri eta bake prozesua abian jarri zenetik. Hartara, azken egunotan, bake prozesuarentzat hauspo berri izan daitezkeen gertakariei erreparatu nahi die 'Debatea' saioak.
Batetik, Urkullu lehendakariaren eta Hasier Arraiz Sortuko presidentearen arteko bileraren ostean sortu diren aukerak aztertuko dituzte. Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldeari berriz ere ekiteko aukera mahai gainean da, eta ezker abertzaleak zoru etikoaren inguruan hausnarketa berri bati ekiteko borondatea agertu du.
Bestalde, presoen egoeraz hausnartu eta egunotan aurkeztu berri den eta presoen bergizarteratzea helburu duen Hitzeman egitasmoaz hitz egingo dute solaskideek, Xabier Usabiagak gidatuta. Plan horren arabera, bergizarteratzea errazteko, presoek adierazpen bat sinatu beharko dute biktimei eragindako oinazea autokritika eginez aitortzeko. Nolanahi ere, egitasmoak hautsak harrotu ditu eta ez du alderdi politikoen artean adostasunik sortu. Horren harian, berriki jakin da Madril eta Paris plan bat prestatzen ari direla Frantzian zigorra betetzen duten presoak Espainiako espetxeetara eramateko.
Hari hauetatik guztietatik tiraka, besteak beste, hauek bilduko dira solasaldirako mahaiaren inguruan: Fabian Laespada, Deustuko Unibertsitateko irakaslea; Andoni Unzalu, informatikaria; Ion Telleria, Garako kazetaria; Teresa Toda, SAREko kidea; Iker Uson, Baketik Fundazioko kidea, eta Galder del Campo, abokatua.
'Debatea' gaur gauean emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB1en.