Itxi

Debatea

22:15ean

Lasa eta Zabala auzia 31 urte geroago, 'Debatea' saioan aztergai

A.H.

EITB

Gerra zikinak eragindako oinazeari begira jarriko da Xabier Usabiagak gidatzen duen saioa. Bake prozesuak azken hiru urteetan izan duen garapenaz eta Bateragune auziaz ere arituko dira solasean.

31 urte igaro dira GALek Lasa eta Zabala gazteak bahitu eta erail zituenetik. Gerra zikinaren gertakaririk gordinenetarikoa den hau gogoratuz, ostiral honetan iritsiko da zinema-aretoetara Pablo Malo zinemagile donostiarrak zuzendu duen Lasa eta Zabala pelikula. Hartara, filma eta urtemuga oinarri hartuta, 'Debatea' saioaren gaurko emanaldiak atzera begiratuko du, betiere aurrera egiteko helburuarekin.

Izan ere, euskal iraganaren inguruan kontakizuna adosteko beharra dago, eta adosteke dagoen kontakizun honen harian ezinbestekoa da gerra zikinari erreparatu eta honek eragindako oinazea agerian uztea. Gainera, heldu den astean bertan, hiru urte beteko dira Aieten Nazioarteko Bake Konferentzia egin zutela eta, hiru egun geroago, ETAk bere ekinbide armatua behin betiko alde batera uzteko iragarpena egin zuela.

Hiru urte hauetan bake prozesuak izan duen bilakaeraz hausnarketa egiteko parada eskainiko du 'Debatea'k, betiere gaurkotasuna duten gertakariak hizpide hartuta. Alde batetik, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak biktima guztien minaren aurrean doluminak agertu ditu berriki eta, bestetik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zigorra jarri dio Espainiako Estatuari bi tortura salaketa ikertu ez izateagatik.

Halaber, Bateragune auziak bost urte bete ditu aste honetan bertan. Ordutik, espetxean daude Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez. Europara eramango dute auzia, helegitea prestatu bezain pronto, Jone Goirizelaia abokatuak jakitera eman duenez.

Solasaldi mahairen inguruan, Garbiñe Biurrun epailea, Luis Haranburu Altuna idazlea, Jagoba Alvarez historialaria, Xabier Olabarrieta EHUko irakaslea, Jose Félix Azurmendi kazetaria, Jose Ramón Beloki EAJko diputatu ohia, Joseba Ezeolaza NAFSE 36ko bozeramailea eta Joanes Urkixo Lasa eta Zabala filmaren gidoilaria bilduko dira.

'Debatea' gaur gauean emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea