Itxi

Egun on Euskadi

Egun on Euskadi

Egun on Euskadi

Albistegi berria

Eguneko lehen informazioa ETB-1en, 'Egun On, Euskadi' saioan

A.E.

EiTB

Estepan Aldamiz-Etxebarriak eta Olaia Urtiagak aurkeztuko dute astelehenetik aurrera goizeko albistegia euskaraz.

0:25

ETBko lehen informazioa 'Egun On, Euskadi' saioak emango du ETB-1en aurrerantzean, datorren astelehenetik (apirilak 8) aurrera, hain zuzen ere. Estepan Aldamiz-Etxebarriak eta Olaia Urtiagak aurkeztuko dute goizeko albistegia.

'Egun On Euskadi' 08:00etan jarriko da abian astelehenetik ostiralera. Eguneko berrien errepasoa, egun-eguneko elkarrizketa eta tertulia izango ditu ardatz nagusi.

Saioaren lehen ordua albisteen kontaketarekin osatuko dute eta Olaia Urtiagak gidatuko du. Ondoren, 09:00etatik 10:15era, Estepan Aldamiz-Etxebarriaren tartea izango da. Lehenengo  elkarrizketari, gehienetan elkarrizketa politikoa, eta ondoren tertuliari egingo dio lekua: aktualitateari erreparatuko diote hiru solaskiderekin. Albistegiak, halaber, zuzeneko konexioa ere tartekatuko du. Eguneko berriaren lekutik zuzenean bat egiten saiatuko dira. Eguraldiak, halaber, garrantzia izango du goizeko albistegian. Apirilaren 15etik aurrera, Urko Aristik emango ditu iragarpenaren xehetasun guztiak.

Elkarrizketaren tartean, lehenengo gonbidatua, astelehenean, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua izango da. Solas mahain, berriz, Sandra Atutxak, Esteban Antxustegik eta Mikel Aranak aletuko dituzte eguneko albisteak Estepan Aldamiz-Etxeberriarekin.

'Egun On Euskadi' apustuak ETB-1eko albiste eskaintza indartuko du, Maddalen Iriarteren eskutik eskaintzen den 'Azpimarra' eta 'Azpimarra +',  'Iparraldearen Orena' eta  'Gaur Egun'en hainbat edizioekin batera.

Bestalde, ETB-2n, egunero, eguerdietan, 'Robin Food' saioren aurretik emango den aktualitate saioa prestatzen ari dira.