Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Gaur, ETB1en eta ETB2n

Lucia Lacarra Victor Ullate Balleteko zuzendari artistikoa, 'EiTB Kultura Transit'en

EITB

Urgatz musika taldeak eta Harkaitz Canoren kultur proposamenek osatuko dute saioa.

  • Lucia Lacarra. Argazkia: Ariel Tandy

    Lucia Lacarra. Argazkia: Ariel Tandy

'EiTB Kultura Transit' saioaren denboraldi berria gaur gauean abiatuko dute, Lucia Lacarraren eskutik. Ostegun gauetan izango da ikusgai, ETB1en eta ETB2n. Gainera, astelehenetik ostegunera, banaka eskainiko dituzte erreportajeak, 'Gaur Egun' albistegiaren ostean.

Saioko lantaldea Madrilen izan da Lucia Lacarrarekin. Dantzari zumaiarrak ibilbidea hasi berri du Victor Ullate Balletean zuzendari artistiko gisa. Mundu osoko hainbat konpainiatan ibilbide arrakastatsua egin ondoren, eboluzio naturaltzat du Lacarrak zuzendari bihurtu izana, baina ez dio dantzari izateari utziko. Pozik dago bere lehen konpainia izan zenera bueltatzeagatik.

Sortzaileak atalean, Urgatz taldea aurkeztuko du saioak. Bermeotarrek hirugarren diskoa kaleratu dute, estudioan grabatutako lehena. Hori du izena, eta 'Gorri' kantuarekin aurkeztu dute, Kuban grabatutako bideoklip ikusgarri eta guzti. Nuntxaku espazio autogestionatuan elkartu dira laukotearekin, eta taldearen ibilbideaz eta helburu berriez hitz egin digute.

Harkaitz Canok, azkenik, bere kultur proposamenak dakartza 'EiTB Kultura'ren zakurako. Bi liburu berri ditu estreinatzear lasartearrak, bere bosgarren nobela tartean: Fakirraren ahotsa. Donostiako Kristina-Enea parkean hitz egin digu literaturaz, musikaz eta zinemaz, eta Morphine taldea, Ian McEwan eta Garazi Arrularen nobelak eta David Cronenbergen filmak gomendatu ditu.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.