Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

ETB1en eta ETB2n

Gari, Toti Martinez de Lezea eta 'Txakur Gorria' gaur gauean 'EiTB Kultura Transit’en

EiTB

Durangoko Azokako liburu eta disko berriak, kontzertuak eta 'Irudienea' gunean aurkeztuko diren filmak errepasatuko ditu saioak.

  • Toti Martinez de Lezea

    Toti Martinez de Lezea. Argazkia: EiTB

Durangoko Azoka du ardatz gaur gauean 'EiTB Kultura Transit' saioak, honako protagonista hauekin: bertan  azken diskoa aurkeztu duen Gari musikaria, Azokan ohikoa den Toti Martinez de Lezea idazlea eta aurtengo kartela egin duen Txakur Gorria kolektiboa. Horrez gain, liburu eta disko nobedadeak, kontzertuak eta Irudienea gunean aurkeztuko diren filmak errepasatuko ditu saioak.

Gari

Beste denbora batean du izena Gariren disko berriak. Bere aurreko lanarekin egin zuen eran, Maldanbera taldearekin sortu du hau ere. Hain zuzen, azken bi lanotan lortu duen soinuarekin pozik da Gari, urte batzuk eszenatoki gainean zein estudioan ilusio handiegirik gabe aritu ostean

Toti Martinez De Lezea

Bilboko Bidebarrieta liburutegiko artxiboa bisitatzeko ohitura du Toti Martinez de Lezeak. Zenbait datu historikoren bila aritzen da han, bere liburuak xehetasunez janzteko. Bere azken eleberria kaleratu berritan, Malkoak lur antzuan (Llanto en la tierra baldía), liburutegira eraman gaitu bere proposamenez hitz egitera.

Eta zakutik atera ditu, hala nola, Joanes Urkixoren Ekaitza urrun eta Aritza Bergararen Amets itoak liburuak; Benito Lertxundiren azken kantuak, Soinuaren bidaia diskoa edota Errementari filma.

Txakur Gorria

Nerea Ibarzabal, Ane Labaka, Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo sortzaileak daude 'Txakur Gorria' kolektiboaren atzean. Duela hiru urte sortu zuten taldea, eta hirugarrenez egongo dira Durangoko Azokan.

Auto editatutako liburuxkak, postalak, eta ilustrazioak eskaintzeaz gain, edizio honetako kartelaren egile ere badira. Taldean lan egitearen garrantziaz, auto edizioaz eta sorkuntzaren aldeko apustua egitearen plazeraz hitz egin digute.

'EiTB Kultura Transit' ostegun gauetan izaten da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.