Errepide Galduak
21:30ean
Arratetik Arantzazura ibiliko da 'Errepide Galduak' saioa gaur gauean
EiTB
Arraten hasi eta hainbat bidelagunekin elkartuko da Ander Izagirre osteguneko saioan, tartean izango dira, besteak beste, Ana Usabiaga, Alberto Iñurrategi eta Iñaki Zubeldia.
Arratetik Arantzazura ibiliko da gaur 'Errepide Galduak' saioa. Bidean, ohi denez, hainbat lagunekin topo egin eta zenbait bitxikeriaren berri izango dugu.
Ander Izagirre txirrindulari eta zale amorratua izan arren, ez da inoiz Arratera igo. Bertan hasiko ditu atal honetako lehen kilometroak. Aldapak errazteko, Ana Usabiagaren laguntza izango du. Izan ere, Ordiziako txirrindulariak beste inor baino txapela gehiago ditu: 44 aldiz izan da Espainiako txapelduna.
Arratetik Eibarrera jaitsi eta bertako Astelena frontoira gerturatuko gara. Pilotaren katedrala Eibarko kultur bizitzaren ardatza izan da, eta bertan, demokrazian baimendutako lehen mitina ospatu zen. Hau gogoratzeko, Eibarko alkate ohia den Aurora Baskaranekin elkartuko da Ander. Ondoren, Eibartik Elgeta aldera egin, Intxortako lubakiaren ondotik, Oñati eta Aretxabaleta aldera joango gara.
Debagoienan euskal mendizaletasunean mugarria ezarri zuten lagunengana joango gara, Himalaiara egin zen lehen espedizioa gogoratzeko, Tximist espedizioa. 1974ko lehen giza talde hura eta bere abentura gogoratuko ditugu eta baita haiek euskal 'himalaismoari' ireki zizkieten ateak aztertu ere. Felipe Uriarte eta Alberto Iñurrategi puntako mendizaleak izango ditugu programan horretarako.
Ibilbideari jarraitu eta Urkuluko urtegiaren ondotik Arrikrutzeko koban geldialdia egingo dugu. Bertan, leizetako lehoia aurkitu zuten duela urte batzuk; aurkikuntza harrigarri honen berri Iñaki Zubeldiak emango digu. Arrikrutzetik gora egin eta Arantzazura egingo dugu gero. Aldapa malkartsua eta kilometroak pilatuta, bidea eramangarriago egiteko, gregario lana egingo digu Markel Irizarrek, bere bizi eta kirol ibilbidearen inguruan solas egiten dugun bien bitartean.
Bukatzeko, Gomiztegiko alturatik dauden paisaia liluragarriez gozatzeko aukera izango dugu.
'Errepide Galduak' saioa Arratetik Arantzazura ibiliko da, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.