Itxi

Euskotren Winter Series

Euskotren Winter Series

Euskotren Winter Series

Zesta punta

Helenak eta Araik Maite eta Maialen menderatu dituzte, eta Euskotren Winter Serieseko finalean dira

EITB MEDIA

Astelehenean, finalaurrekoan, Helenak eta Araik 15-11 eta 15-13 hartu dituzte mendean Maite eta Maialen, bi jokotan; hala, finala jokatuko dute, hilaren 24an, eta Ihart-Frida edo Elaia-Oaia izango dituzte aurkari. Halaber, Banakako Seriesen, Barandika sailkatu da finalerako, Erkiaga kanporatuta.

1:18
Helenak eta Araik Euskotren Winter Serieseko finala jokatuko dute

Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi 2025eko Euskotren Women Winter Serieseko final handirako sailkatu dira, astelehenean, Durangoko Ezkurdi Jai Alain jokatutako finalaurrekoan Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal bi jokotan mendean hartuta, 15-11 eta 15-13. Horrenbestez, Helenak eta Araik jokatuko dute finala, hilaren 24an, eta datorren astelehenean argituko da zein bikoteren aurka: Ihart-Frida, edo Elaia-Oaia. Gainera, 2025eko Banakako Seriesen, Xabi Barandika sailkatu da hilaren 24an izango den txapelketako finalerako, lehen finalerdian Aritz Erkiaga menderatuta, hiru jokotan, 12-10, 11-12 eta 5-3.

Hala, Euskotren Women Winter Serieseko lehenengo finalaurrekoan, Helenak eta Araik eskuratu dute aurreneko jokoa, 15-11 nagusituta. Maitek eta Maialenek erdietsi dituzte partidako lehen bi tantoak, baina, berehala, Durangoko aurrelariak eta Markina-Xemeingo atzelariak sei tanto jarraian egin dituzte; horrenbestez, 7-3 aurretik jarri dira. 13-7koan, bazirudien Helenak eta Araik eskura zutela jokoa; Maitek eta Maialenek, baina, erreakzio polita izan dute azten tantoetan, eta emozioa jarri. Azkenean, Helenak eta Araik poltsikoratu dute finalerdiko lehenengo puntua.

Bigarren jokoa ikusgarria izan da, oso parekatua, maila eta tentsio handikoa. Maitek eta Maialenek jakin bazekiten puntua behar zutela, hirugarren jokoa behartzeko, eta estu-estu jarri dituzte Helena eta Arai. Oso garrantzitsua izan da irabazleek, Maite eta Maialen 9-8 jarri direnean, bost tanto jarraian egin dituztela. Helena eta Arai 13-9 gailentzen ari zirela, ematen zuen dena ia erabakita zegoela, baina Andetxako aurrelariak eta Berriatuko atzelariak ez dute amore eman, eta Helenak eta Araik biziki borrokatu behar izan dute 15-13 nagusitzeko. Ondorioz, azken bi puntista horiek finalean izango dira.

Barandika, Banakako Serieseko finalera

Horrez gain, Banakako Seriesen, Xabi Barandika da txapelketako hirugarren ekitaldiko lehenengo finalista. Gernikarrak, lehen finalaurrekoan, Aritz Erkiaga kanporatu du, hiru joko izan dituen partidan; Barandikak eskuratu du aurrenekoa, 12-10, Erkiagak berdindu egin du, bigarrenean 12-11 gailenduta, eta Barandikak lortu du finalerako txartela hirugarrenean, 5-3 nagusituta. Irabazleak Johan edo Olharan izango du aurkari final handian.

Xabi Barandika da Banakako Serieseko lehen finalista. Argazkia: EITB Media.

Xabi Barandika da Banakako Serieseko lehen finalista. Argazkia: EITB Media.