Go!azen
Antzezlana
'Go!azen'en antzezlana ikusgai, gaur gauean, eitb.eus-en eta ETB1en
A.A. | EiTB
Eibarren grabatu zen antzezlana da 21:00etan, telesailaren ohiko ordutegian, emango dena.
Ostiral honetan ez da 'Go!azen' telesailaren atal berririk emango. Horren ordez, Haizearen eta Mikelen arteko maitasun istorioa kontatzen duen 'Go!azen antzezlana' izango da ikusgai telesailaren ohiko orduan, 21:00etan.
Iazko abendutik aurtengo maiatzera bitartean, herriz herri ibili zen 'Go!azen' telesailaren lantaldea antzezlana taularatzen. Eibarren 2017ko otsailaren 11n grabatutako emanaldia izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Haizearen eta Mikelen arteko maitasun istorioa kontatzen du lan horrek. Mikel, Basakabi udalekuko langilea, eta Haizea, ikasleetako bat, maitemindu egingo dira, baina bien arteko maitasunak gauza asko izango ditu kontra.
Aitana eta Paula Etxeberria ahizpak (Elene eta Haizea), Markel Gajate (Mikel), Aritz Mendiola (Gari), Asier Burguete (Markel) eta Ramon Agirre (Zuzen) aktoreek parte hartu zuten antzezlan honetan.
Telesaila bezala, antzezlana ere musikala izan zen, eta 'Go!azen 3.0' telesailean entzun ziren abestietako asko taularatu zituzten.
Antzezlanaren emisioa 'Go!azen'en ohiko orduan hasiko da, 21:00etan, eta eitb.eus-en eta ETB1en izango da ikusgai.