Go!azen
Denboraldi berria
"Go!azen 8.0" denboraldi berriaren estreinaldia, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB Media
Fenomeno transmedia arrakastatsua bilakatu da "Go!azen" telesaila, eta zazpigarren denboraldi honetan ere Basakabiko gaztetxoen abenturek ikusmin handia piztuko dute.
Gaur gauean, "Go!azen" telesailaren 8.0 denboraldiaren estreinaldia eskainiko du EITBk. Ostiraletan, 21:00etan hasita, ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai, eta larunbatetan, 15:30ean, ETB3n. Gainera, atalak eskuragarri egongo dira Goazen appan eta EITB Nahieran zerbitzuan.
"Go!azen" fenomeno transmedia arrakastatsuaren zazpigarren denboraldia da. Denboraldi berri honetan lau aktore gaztek egingo dute debuta: Malen Azpirotz (Iraia), Iñaki Mujika (Unax), Julen Castillo (Koldo) eta Joanes Echeveste (Ibai). Gainera, Aitor Beltran aktore ezaguna Edorta, hezkuntza fisikoko irakasle berria, izango da. Horiekin batera, iaz ibilitako Maria Redondo (Zuri), Aitziber Errazkin (Enara), Dánae Riaño (Maddi), Lorea Intxausti (June), Nerea Elizalde (Garazi), Ander Lacalle (Luken), Itziar Urretabizkaia (Amaia), Karmele Larrinaga (Begoña) eta Asier Burguete (Markel) arituko dira.
Aurten, telesailaren historian lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko aktore bat (Joanes Echeveste) arituko da protagonista lanetan. Joanes Sarakoa da eta 18 urte ditu. Gainera, lehen aldiz baita ere entzumen murriztua duen pertsonaia bat etorriko da Basakabira. Iraia du izena eta bere neba Unaxekin iritsiko da uda pasatzera.
Aurtengo denboraldian, Zuri eta Enararen arteko harremanak aurrera jarraituko du, baina ez beraiek espero zuten moduan. Bestetik, Lukenek eta Garazik pasa den urtean pendiente utzi zuten musua emateko aukera izango dute, baina ez da erraza izango. Gainera, Maddik erronka handi batekin hasiko du uda: abesti bat konposatu nahi du Gaztea Maketa Lehiaketara aurkezteko. Horrela gurasoei erakutsi nahi die musikari izateko bere ametsa serio hartzen duela.
Aurtengo denboraldian gaurko eta betiko abesti ezagunen moldaketak entzun ahal izango dira: Berrri Txarrak, Izaro, ETS, Nogen, Olatz Salvador, Hertzainak, Ruper Ordorika, Alaitz eta Maider, Merina Gris, Bulego, Ezpalak, Esti Markez, Gatibu... Eta Dánae Riaño aktoreak berak idatzi eta konposatutako abesti bat ere bai.
Bestalde, Ainhoa Urretabizkaiak telesailean entzuten diren musika piezen jatorrizko berrsioak ezagutzeko mikro-saioak eskainiko ditu webean, appan, YouTuben eta ETB3n, Gaztearen eskutik.
Itziar Gomez da Pausokak ekoiztutako telesailaren zuzendaria eta aurtengo denboraldik 10 atal izango ditu.
Audioliburuak EITBPodkast atarian
Jasone Osoro idazleak "Go!azen"eko unibertsoan sortutako liburu sorta arrakastatsua EITBPodkast atarian dago entzungai, "Go!azen"eko aktore protagonistek irakurrita. Eskuragai daude jada: Iritsi gara!, Lorea Intxaustik irakurrita; Maddiren amona influenzerra, Danae Riañoren eskutik; Eiderren egunerokoa, Esti Lopezen ahotsarekin, eta Asteburu bat eskiatzen, Asier Burgete aktoreak irakurrita.
"Go!azen" fenomeno transmedia
Horrez gainera, azken urteetan transmedia fenomenoa bilakatu da eta bere presentzia telebistako pantailaz harago doa. Goazen APP-an (iOS eta Android), esate baterako, pertsonaiek Goatsapp taldera bidaltzen dituzten mezuak irakurri eta argazkiak eta bideoak ikusteko aukera izaten da, abestien letrak eta dantzen koreografiak ikasi daitezke eta bideo berezi pila batekin gozatu daiteke.
Horrez gainera, telesailaren eta bertako aktoreen berri jakin dezakegu sare sozialetan: Instagramen, Facebooken eta Tik Token. Gainera, telesailaren atal guztiak ikusgai egongo dira EITBko YouTube kanalean.
Etxeko txikienen artean fenomeno bat bilakatu da Basakabi udalekuko istorioak kontatzen dituen telesaila. Hori dela eta, diskoak, Jasone Osorok idatzitako liburuak, aldizkariak eta bestelako produktu ugari irten dira merkatura. Produktu horiek denak EITB Dendan eskuratu daitezke.
Denboraldi berriaren aurkezpena, Iruñean
Go!azen"eko aktoreek Iruñeko gazte dantzari eta goazenzaleekin batera dantzatu zuten Baluarteko plazan, "Go!azen 8.0" denboraldi berria aurkezteko, larunbatean, azaroaren 13an. Bertan, denboraldi berri honetako aktore protagonistak bildu ziren, horien artean, Joanes Echeveste (Ibai), Julen Castillo Santa Cruz (Koldo), Iñaki Mujika (Unax), Malen Azpirotz (Iraia), Aitziber Errazkin (Enara), Ander Lacalle (Luken) eta Nerea Alizalde (Garazi) izan ziren.
Denboraldi berriaren aurkezpena Iruñean