Itxi

Go!azen

Go!azen

Go!azen

Aurrestreinaldia

"Go!azen 8.0" telesailaren azken atalaren aurrestreinaldia, ostegunean Donibane Lohizunen, Seaskaren eskutik

EITB Media

Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren eskutik, gaztetxoei zuzendutako fikzio arrakastatsuaren azken atala eskainiko da, Donibane Lohizuneko Le Sélect aretoan, 18:30ean.

0:35
'Go!azen'

Ostegun honetan, otsailak 3, "Go!azen 8.0" telesailaren azken atalaren aurrestreinaldia eskainiko da Donibane Lohizunen, Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren eskutik. Ekitaldia 18:30ean izango da Le Sélect zinema aretoan, eta gaztetxoei zuzendutako fikzio arrakastatsuaren protagonista nagusiak ere bertan izango dira, horien artean, Nerea Elizalde, Ander Lacalle Asier Burgete, Aitziber Errazkin, Lorea Intxausti, Maria Redondo, Malen Azpirotz eta Julen Castillo. Aurrestreinaldiaren ondoren, telesailaren jarraitzaileek aktoreekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute photocallean.

Denboraldiko azken atala

Azken atalean, gauza asko daude oraindik argitzeko Basakabin. Unaxek bere burua aurkeztu zuen Gaztea Maketa Lehiaketarako, Maddi baztertuz, eta atal honetan, Amaiak txango bat prestatuko du ikasleak finala ikustera joan daitezen. Baina Maddiren lagunek ez dute Unax animatzera joan nahi izango.

Bestetik, Enara eta Zuriren arteko harremana apurtuta jarraitzen du Zurik dena gogoratu ondoren. Enarak azken aukera bat izango du haien artekoa konpontzeko, baina ez da erraza izango. Bitartean, Junek eta Ibaik bikote bizitza nolakoa den ikasten jarraituko dute, eta Lukenek azterketa bati egin beharko dio aurre, bere beldurrak gainditu eta datorren ikasturtea hobea izan dadin.

Atal honetan, gainera, Xabi Solano eta Marenen "Euri artean" abestia kantatuko dute Garazik eta Lukenek, Ezpalak taldeko "Itzala" kantua abestuko dute lagunek, eta Dánae Riañok berak idatzi eta konposatutako "Barnetik" kantua entzungo dugu.

Inoizko audientzia daturik onenak

Zortzigarren denboraldi honetan ere Basakabiko gaztetxoen abenturek ikusmin handia piztu dute eta inoizko denboraldirik ikusiena bihurtu da. Batez beste, % 6,0ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 14,4ko kuota eskuratu ditu.

Halaber, 4 eta 12 urte bitarteko umeen artean liderra da, % 32,9ko audientzia-zatiarekin, eta ostiralero, 98.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortzen du, bataz beste, Euskadin eta eragin eremuan.

"Go!azen" fenomeno transmedia

Azken urteetan, "Go!azen" transmedia fenomenoa bilakatu da eta bere presentzia telebistako pantailaz harago doa. Goazen app-ean (iOS eta Android), esate baterako, pertsonaiek Goatsapp taldera bidaltzen dituzten mezuak irakurri eta argazkiak eta bideoak ikusteko aukera izaten da. Gainera, abestien letrak eta dantzen koreografiak ikasi daitezke, eta hainbat bideo berezirekin gozatu daiteke.

Horrez gainera, telesailaren eta bertako aktoreen berri jakin daiteke sare sozialetan: Instagramen, Facebooken, Twitterren eta Tik Token.

Etxeko txikienen artean fenomeno bat bilakatu da Basakabi udalekuko istorioak kontatzen dituen telesaila. Hori dela eta, diskoak, Jasone Osorok idatzitako liburuak, aldizkariak eta bestelako produktu ugari irten dira merkatura. Produktu horiek denak EITB Dendan eskuratu daitezke.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena