Go!azen
GO!AZEN
Sei pertsonaia berri izango ditu "Go!azen"eko 12. denboraldiak
Karla (Ainhoa Tabuyo), Maren (Leire Nuñez), Roke (Jon Alonso), Azpi (Yan Pinto), Ekaitz (Josu Iriarte) eta Gaizka (Luken Urruzmendi) helduko dira aurten Basakabira, uda berezia igarotzera. Bestalde, Iker Laurobak sortutako musika eta hitzak oinarri dituen bideoklipa grabatu dute.
-
"Go!azen" telesaileko 12. denboraldiko aktore taldea. Argazkia. EITB Media
Basakabiko gaztetxoen abenturak biltzen dituen "Go!azen" ETBko telesaila arrakastatsuaren 12. denboraldia grabatzen hasi aurreko prestaketa lanak hasi dituzte. Aktoreei argazkiak egitea izan ohi da hasierako lanetako bat. Hala, Donostian izan dira aurtengo sei pertsonaia berriak eta iazko sei beteranoak. Bestalde, Iker Laurobak sortutako musika eta hitzak oinarri dituen bideoklipa grabatuko dute Irungo Txingudi Ekoetxean, Plaiaundiko parke ekologikoan.
Karla (Ainhoa Tabuyo), Maren (Leire Nuñez), Roke (Jon Alonso), Azpi (Yan Pinto), Ekaitz (Josu Iriarte) eta Gaizka (Luken Urruzmendi) helduko dira aurten Basakabira, uda berezia igarotzeko asmoz. Aurreko urteko esperientzia errepikatuko dute, berriz, Oihanek (Garazi Urkola), Izarrek (Irati Marin) eta Alaiak (Adriana Sanchez), baita Bosko (Ander Ayerza) ikasle beteranoak ere. Udalekuaren zuzendari lanetan jarraituko du Maitanek (Nerea Arriola), eta Garazi (Nerea Elizalde) izango du alboan, begirale lanetan.
Sinopsia
Maitanek beste itxura bat eman nahi dio udalekuari, eta ideia berritzaile bat ekarriko du. Baina, bere izaera kontuan izanik, oraingoan ere sortuko du istilu bat edo beste, eta, ondorioz, ikasleak aurka izango ditu. Garazirekin batera, arazoei konponbidea ematen saiatuko da, baina ez dute batere misio erraza izango, indartsu baitatoz aurtengo ikasleak. Ekaitzek, esaterako, ez du inongo erreparorik izango istiluetan sartzeko, eta Rokek erakutsiko du harkaitza bezain mutil gogorra dela. Azpik argi utziko du ez zaiola gustatzen besteek desberdin ikustea, eta Maren nortasun handiko pertsona dela ikusiko dugu. Karla izango da aurtengo udalekuko neska pijokumea, eta Gaizkak maitasuna topatuko du, espero gabe.
"Go!azen" telesailaren 12. denboraldiak denetariko osagaiak izango ditu: abenturak, misterioa, gaztaroko maitasuna, komedia, drama… Horrekin batera, egungo eta betiko euskal talde eta abeslarien kanten moldaketak entzun ahal izango dira, ohi denez.