Goenkale
Gaur, 22:25ean
'Goenkale' telesailaren 21. denboraldia abian da
EITB
Ekainean askatu gabeko hainbat istorio argituko dira. Horrez gainera, pertsonaia berriak ezagutuko ditugu; tartean, Etxegarai familia.
Udako etenaldiaren ostean, 'Goenkale' telesailak 21. denboraldiari ekingo dio gaur (irailak 29). ETB1eko telesailaren jarraitzaile direnak ekainean askatu gabe geratu ziren istorioen amaiera ezagutzeko eta Arraldeko bizilagun berrien gorabeherekin gozatzeko irrikaz egongo dira. Astelehen eta astearte gauero izango dute hitzordua, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:15ean.
Astelehen goizean Donostiako Villa Soro hotelean egindako aurkezpenean ezagutu ditugu 'Goenkale'ren 21. denboraldiko pertsonaia berrietako batzuk. Etxegarai familia izango da horietako bat. Arralden farmazia dute eta klan moduko bat osatzen dute. Arantxa (Karmele Aranburu) eta Jagoba (Mikel Aranburu) senar-emazteek eta hauen hiru seme-alabek, Taniak (Guiomar Puerta), Hodeik (Adrian G. de los Ojos) eta Alaznek (Janire Estebez) osatzen dute Etxegaraitarren sendia. Amalia (Mariasun Pagoaga), Arantxaren ama, ere eurekin biziko da. Oso familia elkartua osatuko dute, baina, noski, baita korapilatsua ere. Elkarren artean oso ezberdinak dira, eta horrek liskar eta eztabaida ugari sortuko ditu euren artean.
Etxegaraitarrak betidanik bizi izan dira Arralden, nahiz eta ikus-entzuleok orain ezagutuko ditugun. Farmazia bat dute eta oso ezagunak dira herrian, Mirandatarrek edo Madariagatarrek bezala.
Etxegarai familiako senar-emazteen lagunak izango dira Izaskun (Patricia Urrutia) eta Igor (Gabi Ocina) bikotea. Arantxaren txikitako laguna dugu Izaskun. Bestalde, Marko (Iban Malo) ere ezagutuko dugu, Arraldera datorren fisioterapeuta.
Gazteek leku eta protagonismoa izango dute denboraldi berrian. Ikus-entzuleak hunkitzeko gertakizunen protagonista izango ditugu, Tania, Hodei eta Alazne Etxegarairekin batera, Endika (Ander Iruretagoiena), Olaia (Lorea Morlesin) eta Paola (Nagore Gonzalez).
Gazteen trama honetan zeresana izango dute lehendik ezagunak ditugun Kevinek (Asier Oruesagasti) eta Lukasek (Mikel Martinez). Denboraldi batez Arraldetik urrun bizi ostean, aitaren oinordeko ezin hobea dela erakutsiko du Lukasek, eta bizipen berriekin hunkituko gaitu.
Madariaga, Miranda, Manterola eta Urkijo familiak
Arestian aipatutako Etxegarai familiarekin batera, Arralden baditugu lehendik ezagunak ditugun beste lau familia. Iazko denboraldiaren amaiera gogorra izan zen Madariagatarrentzat. Mitxelek (Gorka Nagore) Alizia (Tessa Andonegi) tirokatu zuen azken atalean, eta ez dakigu bizirik ote dagoen edo ez. Kandidok (Martxelo Rubio) eta Nekanek (Itziar Ituño) gertaera argitu beharko dute, Ertzaintzaren komisariako gainerako lankideekin batera.
Urkijotarrei dagokienez, berriz, Xabin (Eriz Alberdi) eta Lupe (Tanya de Roberto) elkarrekin daude azkenik. Eta Axunekin (Karmele Larrinaga) batera, gertakizun ugari biziko dituzte. Iragana ate-joka etorriko zaie, eta betiko gordeta zutela uste zuten sekretu bat agerian geldituko da.
Beste hainbat istorioren protagonista izango dira, bestalde, Julian (Isidoro Fernandez), Mireia (Maitena Salinas) eta Esther (Naiara Arnedo) Miranda batetik, eta Kepa (Joseba Apaolaza) eta Barbara (Ane Gabarain) Manterola bestetik.
Ezin ahaztu, azkenik, 'Goenkale'ren hastapenetik Arraldetarren bilgune dugun Boga taberna. Bertako bezeroei arreta beroa egingo die beti bezala Igonek (Pepi Aranburu).