Itxi

Goenkale

Goenkale

Goenkale

22:25, ETB1en eta eitb.eus-en

Iritsi da 'Goenkale'ren azken atala!

A.A.

EiTB

Gaur emango da ETB1en eta eitb.eus-en. Orduan jakingo dugu Boga taberna botako ote duten edota Etxegaraitarrekin zer gertatuko den.

0:20

21 urte, 3.707 atal eta 1.854 emisio orduren ondoren, iritsi da "Goenkale" telesailaren azken atala. Gaur jakingo dugu Boga taberna botako ote duten ala ez, edota zer gertatuko den Etxegarai familiako kideekin.

Boga Arraldeko bihotza izan da beti. Taberna horretan hasi zen telesaila 1994ko urriaren 3an. Orduko hartan, Jose Mari Lasa eta Maria Luisa Galardi senar-emazteak ziren tabernako jabeak. Jose Marik, Leonor kubatarrari utzi zion taberna hil zenean eta, hainbat joan-etorriren ostean, Leonor dugu orain ere etxeko-andre.

Azken hilabete hauetan saiakera ugari egin dituzte Leok eta tabernako langileek Boga bizirik mantentzeko, egutegi erotiko bat ere egin zuten arrakasta handiz, baina dena alferrik izan da; ez dute behar adina diru lortu eraikina konpontzeko. Beraz, Ertzaintzak itxi egin du. Hala ere, batzuk ez dute etsiko eta azken unera arte borroka egiteko prest daude.

Bestetik, azken denboraldi honetako protagonista nagusiak Etxegaraitarrak izan dira. Arantza mila borrokatan sartuta ikusi dugu. Semea salbatze aldera, ustez ama zuena (Amalia) hiltzeko gai den emakumea dela ikusi dugu hilabete hauetan; baita ere familiako farmazia dela bere bizitza; senarrarekin eta Taniarekin, adoptatutako alabarekin, oso krudela izan daitekeela eta antzinako kontuak ez dituela ahazten.

Baina borroka guztiak galdu ditu: lehendabizi farmazia nebari utzi zion amak herentzian, ondoren senarrak dibortzioa eskatu zion eta, azken aldian, seme-alabak, Hodei batik bat, behin baino gehiagotan oldartu zaizkio. Honek guztiak etsitzera eramango ote duen edo lehenean jarraituko ote duen ikustea falta zaigu orain.

Maitasuna ere ez da falta Arralden. Gai izango ote dira Hodei eta Tania juzkuak alde batera utzi eta bikote gisa harreman bat hasteko? Itxasok Ibon berreskuratuko ote du? Kandidok eta Aliziak, gutxienez, maitasunari ateak zabaldu dizkiotela ematen du.

Ez galdu "Goenkale"ren azken atala, gaur, 22:25ean hasita, eitb.eus-en eta ETB1en!