Gu Ta Gutarrak
GU TA GUTARRAK
Aurreko edizioetako gutarrak izango dira 3. denboraldiko lehiakideak
L.A | EITB.EUS
EITB
'Gu ta Gutarrak' saioa berrikuntza ugarirekin ekin dio 3.edizioari. Aterpetxea Orion da orain, eta gutarrak lehen eta bigarren ediziokoak izango dira. Hala ere, tokia ere izango da gutar berrientzat.
'Gu ta Gutarrak' saioak denboraldi berri bati ekin dio, hirugarrenari. Beste behin ere, Euskal Herriko kuadrilla jatorrena osatzeko asmoarekin dator.
Ezusteak eta emozioak ez dira faltako edizio honetan. Izan ere, berrikuntza nabarmenak izango dira. Arrekoan ez bezala, oraingoan Bizkaitik Gipuzkoara egin dute salto gutarrek: Morgatik Oriora, zehazki. Hantxe luxuzko aterpetxe bat egin dute bere: Orioko Txurruka aterpetxea. Leku interesgarria ematen du aterpetxeak: hondartzaren alboan dago; igerilekua, pilotalekua eta futbol-zelaia dute; piraguan, boleibolean eta ping-pongean aritzeko aukera izango dute?
Oraingoan ere, hiru hilabetez asteburu pasa, elkarrekin bizitzera joango dira lehiakideak Julen Telleriak aurkezten duen saioan. Baina, zeintzuk izango dira lehiakide horiek? Berriak al dira edo aurpegi ezagunen bat ikusiko dugu? Edizio berriko lehen saioan izango diren gutarrak ezagutu ditugu: lehen edizioko zazpi gutar eta bigarreneko beste zazpi.
Lehen ediziokoak
Aitor Ormazabal (19 urte, Villabona)
Villabonakoa gazte ausarta eta oso lehiakorra da. Lehen eta bigarren edizioetan parte hartu du Aitorrek: lehenengoan, kuadrilla jatorrreneko kidea izateaz gain, neska laguna ere aurkitu zuen, Enara; eta, bigarrenean, gutarburu lanetan ibili da.
Enara Suárez (19 urte, Legorreta)
Lehen bi edizioetan parte hartu du: lehenengoan kuadrilla jatorrenean egotea lortu zuen; eta bigarrenean, berriz, gutar aditu lanetan aritu zen. Aitor Ormazabal ezagutu eta harekin maitemindu zen. Aitorrek eta Enarak osatzen dute 'Gu ta Gutarrak'eko bikote ofiziala. Turismoko ikaslea da eta kirola eta pianoa jotzea ditu gustuko. Itxura fisikoari garrantzia ematen dio eta festazale eta burugogortzat du bere burua. Neska aursarta da eta erronkei ez die inongo beldurrik.
Egoitz Txurruka (23 urte, Mallabia)
Lehenengo edizioan kuadrilla jatorrean izatea lortu zuen eta bigarrenean gutarburu nagusi aukeratu dute. Naomi lehen edizioko gutar jatorrenak konkistatu zuen mallabiarraren bihotza, baina, dirudienez, orain libre daude biak.
Irantzu Berasaluz (19 urte, Getaria)
'Getariko erregina' ezizenaz ezagutu dugu saioan. Erraz haserretzen den gaztea da Irantzu, baina gauzak 'aurpegira' esaten omen ditu. Lehenengo edizioan gutarra izan ze; bigarrenean, berriz, gutarburu-lanetan ibili da.
Aitzol Belasko (28 urte, Lemoa)
Lehenengo edizioan egon zen, baina ez zuen lortu kuadrilla jatorrenean sartzea. 'Egurre!' oihua ezaguna egin zuen gutarren artean. Arratia bailarakoa da eta Gasteizen ari da Heziketa Fisikoko ikasketak egiten. Soroslea izan nahi du, festazalea da, eta aita eta arrebarekin bizi da. Pertsona zintzoa eta karakter gogorrekoa da Aitzol.
Olatz Aldasoro (29 urte, Ibarra)
Aerobic irakaslea da Olatz. Lehenengo edizioko kuadrilla jatorreneko kidea izatea lortu zuen eta bigarren edizioan gutar aditu lanean aritu da. Lagunen laguna da eta gutarrek emakume oso sexitzat dute. Hiztun ona, berritsua eta neska alaia dugu Olatz.
Naomi Pérez (19 urte, Gasteiz)
Lehenengo edizioan jatorrenetan jatorrena izendatu zuten ikus-entzuleek eta Txurruri bihotza lapurtu zion. Saskibaloiko jokalari ohia da Naomi, berritsua eta beti dibertitzeko prest. Musika konposatzea du gustuko. Jendeak gezurrak esatea gorrotatzen du. Bere fisikoari garrantzi handia ematen dio.
Bigarren ediziokoak
Iñaki Lekuona (26 urte, Hernani)
Bigarren edizioan kuadrilla jatorrenean sartzeaz gan, gutar jatorrenen artean jatorrenaren txapela jantzi du. Kirola gustuko du oso, batez ere modan dagoen cross-fita, baita imnasioa eta motorraren mundua ere. Serio itxura duen arren, taldean saltseroa izaten da. Zazpi urtez neska batekin ibili izan da, baina egun ez du bikoterik. Oso ligoia omen da eta 30 urtetik gorakoekin ligatzen omen du... Amaia Puertasen besoetan eroriko al da, azkenean?
Eneko Egimendia (21 urte, Donostia)
Bigarren edizioko kuadrilla jatorrenean sartzea lortu du Grosekoak. "Postureoaren errege" izan da bigarren edizioan. Futbolzalea eta Realaren zale amorratua. Oso lehiakorra da eta erronkak galtzea ez du batere gustuko. Surflari itxura izan arren, ez ditu uretako kirolak gustuko.
Leire Zubizarreta (21 urte, Donostia)
Aurreko edizioko kuadrilla jatorrenean egon da Leire. Oso gustuko ditu abestea, dantzatzea, biolina jotzea eta kirola egitea, batez ere judoa; izan ere, Espainiako judo txapelduna izan zen. Amodio kontuetan "polimaitasunaren" (harreman asko aldi berean izatea) aldekoa da donostiarra. Halaber oso maitakorra dela aitortzen du, baina harreman luzeen kontra dago.
Edurne Sueskun (21 urte, Usurbil)
"Urrezko singela" izan zen bigarren edizioan, nahiz eta maitasunari ateak ixten ez dizkiola aitortu digun Edurnek. Motoak, futbola (Reala), eskubaloia, lagunekin irtetea eta festa ditu gogoko. Sare sozialak ere oso gustuko dituela aitortu du Usurbilekoak.
Jon Beitia (25 urte, Ondarroa)
Kirolzalea da eta fisikoari garrantzia ematen dio Beitiak. Bere burua zaintzea gustuko du, gimnasiora joatea eta lagunekin egotea. Ondarroan bere familiaren tabernan egiten du lan gaur egun. Oso lehiakorra dela aitortzen du Beitiak, eta horrek eraman zuen bigarren edizioko kuadrilla jatorrenean egotera.
Ager Muruaga (23 urte, Mungia)
Ager duela hiru urte ezkondu zen bere senarrarekin eta, gaur egun, aita izatea du amets. Horretarako bidean dabil orain. Larrialdietako teknikaria eta hegazkineko laguntzailea da. Bere ama Anabelekin oso harreman ona dauka, oso emakume animatua da eta platoan izan da sarritan.Gazte solidarioa da eta sarritan baliabideak ez dituztenei laguntzen aritzen da. Mungiakoak Euskal Herriko kuadrilla jatorrenean sartzea lortu zuen bigarren edizioan.
Iker Loizate (19 urte, Berriz)
Oso gustuko du kirola, futbola eta pilota batez ere. Athletic zalea da. Bere berezitasunen artean rubik kuboa dago, 30 segundotan osatzeko gai baita. Gazte lotsatia dela dirudien arren, kuadrillako saltsa eta piperra da. Liberala da, eta bikoterik ez duela nahi aitortu baduere, ez dio maitamintzeari uko egiten.
Lehen edizioko Naomiri saioan parte hartzeko gonbidapena luzatu dioten arren, gasteiztarrak ez du argitu oraindik gutar izan nahi duen ala ez. Izan ere, Naomi aterpetxera sartu zenean Edurne eta Txurru une intimoa bizitzen ari ziren, eta honek ez zion grazia handiegirik egin. Gutar izateari baiezkoa ala ezezkoa emango al dio Naomik?
Hirugarren edizio honetan lehen eta bigarren edizioko gutarrak sartu diren arren, ez da batere argi geratu oraindik talde bakoitza zeintzuek osatuko duten. Edizioka banatuta egongo al dira?
Hauekin batera orain arte kuxkuxero lanetan ibilitako Amaia Puertasek eta Nakor Markezek jarraituko dute.
Azkenik, gutar berrientzako tokia ere izango da 'Gu ta gutarrak' saioan. Alabaina, momentuz, Nakorrek besterik ez ditu ezagutu.
Castingak zabalik jarraitzen du
Edizio berria martxan dagoen arren, 'Gu ta Gutarrak' saiorako gutarrak aukeratzeko castingak egiten ari dira oraindik. Gutarra izan nahi baduzu, bidali mezu bat WhatsApp bidez 659756187 zenbakira edo gutagutarrak@eitb.eus helbide elektronikora idatzi.
'Gu ta Gutarrak' saioa Julen Telleriak aurkezten du, astelehenetik osteguna, 21:20tik aurrera, ETB1en.