Gu Ta Gutarrak
GU TA GUTARRAK
Saraik eta Imanolek hartuko dituzte Olatzen eta Ikerren tokiak
L. A. | EITB.EUS
Ikerrek eta Olatzek agur esan diote abenturari, eta, euren ordez, gutar berri bi sartu dira: Sarai Navajas eta Imanol Agirre. Gainera, Naomi eta Eneko arituko dira jatorburu-lanetan.
Ezustez eta emozioz beterikoa izan da gaurko 'Gu ta Gutarrak' saioa. Hunkituta, triste eta negarrez ikusi ditugu lehiakideak. Izan ere, Olatzek eta Ikerrek agur esan diote hirugarren edizioko abenturari.
14 gutar sartu dira denboraldi honetan: lehen edizioko 7 gutar talde urdinean, eta bigarreneko beste 7, arrosan. Baina saioak aurrera egin behar du, eta erabaki gogorrak hartzeko eguna izan da; izendapenak egitearena, alegia.
Oraingo honetan, lehen edizikoek bigarren edizioko gutar bat izendatu behar izan dute. Iker eta Ager izan dira izendapen gehien jaso dituztenak. Dena dela, bien artean berriztarrak izan ditu boto gehien eta, beraz, Iker jarri dute arriskuan.
Era berean, bigarren ediziokoek ere lehen ediziokoenen artean gutar bat aukeratu behar izan dute arriskuan jartzeko. Naomi eta Olatz izan dira izendapen gehien jaso dituzten gutarrak, baina villabonarrak jaso ditu boto gehien. Honenbestez, Olatz jarri dute arriskuan.
Dakizuenez, hirugarren edizio honetan ezer ez da berdin eta edozer gerta liteke. Hori dela-eta, Olatz eta Iker arriskuan egotetik kaleratuak izatera igaro dira bat-batean. Hau da, Gutar Buru Batzarrak orain arteko prozedurak albo batera utzi eta kanporatzeko bozketa egin gabe, zuzenean, arriskuan daudenak kaleratuak izatea erabaki du. Hemen bukatu da, beraz, Olatzentzat eta Ikerrentzat hirugarren edizioko abentura. Nori emango dio bakoitzak boto beltza?
Hirugarren edizio hontako berrikuntzetako baten berri eman du Julen Telleriak. Izan ere, gutarrek ez dute euren artean jatorrena aukeratu beharko, eta ez da gutarbururik izango. Alabaina, jatorburua izango dugu, jatorraren eta gutarburuaren arteko nahasketa, alegia. Jatorburuak txapela jantziko du, aulki berezi batean eseriko da, eta babestuta edo arriskutik kanpo egongo da aste horretan. Hala ere, erantzunkizun handia izango dute; izan ere, erabaki gogorrak hartu behar izango dituzte. Horrela, jatorburua nor izango den ere erabaki dute bi taldeek: urdinek (lehen ediziokoek) Naomi aukeratu dute, eta arrosek (bigarren edizioko gutarrek), Eneko.
Azkenik, Ikerri eta Olatzi agur esan ondoren, beraien tokiak beteko dituzten lehiakide berriei ongietorria eman diete gutarrek: Imanol Agirre (20 urte, Durango) eta Sarai Navajas (19 urte, Besain). Indartsu eta gogo handiz sartu dira saioan. Momentuz, behintzat, Sarai talde arrosan izango da bigarren edizioko gutarrekin; Imanol, aldiz, urdinean, lehen ediziokoekin.