Gu Ta Gutarrak
21:20an, ETB1en
Gaur abiatuko da 'Gu ta Gutarrak' saioaren laugarren edizioa
EITB
EITB
Hamabi gutar berri izango ditugu edizio berrian, eta Orioko Txurruka aterpetxean igaroko dituzte asteburuak. Sare sozialek toki garrantzitsua beteko dute saioan, eta castingak zabalik daude oraindik.
Gaur gauean, denboraldi berriari ekingo dio 'Gu ta Gutarrak' saioak, eta berritasun ugariz josita dator.
Aurrekoetan bezala, edizio honetan ere, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako gutarrak izango ditugu: hamabi. Dena dela, oraingo honetan aurpegi ezezagunak izango dira. Gogoz, ilusioz, esperientzia berri bat bizitzeko eta Euskal Herriko kuadrilla jatorrenean egoteko asmoarekin datoz gutar berriak. Pilotaria eta errekortaria den gazte bat, fisioterapeuta den zumba irakasle bat, moto-krosa gustuko duen beste bat, moda-diseinatzaile bat eta DJ bat dira hurrengo denboraldian parte hartuko duten gutarretako batzuk.
Hamabi neska-mutil hauek Orioko Txurruka aterpetxean egingo dituzte asteburuetako egonaldiak, eta bertan bizi izandako gorabehera guztiak platoan ikusi ahal izango dituzte ikus-entzuleek. Aterpetxean ezezik, platoan bertan ere zenbait erronka gainditu beharko dituzte lehiakideek, sari garrantzitsuak jokoan. Virgina Maraña eta Olaia Rueda izango dira denboraldi honetan ere erronka hauek guztiak platora ekarriko dituztenak. Baina beste aurkezle-laguntzaile bat izango dute oraingoan: Ihintza Irizar.
Aurreko denboraldietako Gaztetesta erronkak bere horretan jarraituko du, baina aldaketa esanguratsu batekin dator; ikusleak aho zabalik utziko dituen aldaketa dibertigarri bat. Gainera, Gutartzaindia atala estreinatuko da denboraldi honetan. Bertan, gutar ohiak edo gutarren senideak, etxetik bertatik, platoan gertatutakoaren lekuko izango dira, eta euren iritzia emateko aukera izango dute.
Beti legez, kuxkuxeroak ere izango ditugu platoan, gutarrei buruz duten iritzia emateko. Gainera, denboraldi berri honetan garrantzi handiagoa izango dute. Baina, nortzuk zango dira kuxkuxeroak? Nakor eta Amaia? Edo aurpegi berriak ikusiko ditugu zeregin honetan? Erantzuna astelehenean, estreinaldi egunean bertan, jakingo dugu.
Sare sozialak
Sare sozialek ere toki berezia izango dute ?Gu ta Gutarrak? saioan. Twitter (@gutagutarrakETB eta #gutagutarrak) eta Facebook (www.facebook.com/gutagutarrak.etb) sareak ezezik, edizio honetan Instagram (gutagutarraketb) ere erabili ahalko da, saioari buruzko iritziak eman eta argazkiak zintzilikatzeko. Halaber, iaz martxan jarritako Youtuberrak lehiaketak bere horretan jarraituko du.
Castingak zabalik jarraitzen du
Laugarren edizioa martxan dagoen arren, ?Gu ta Gutarrak? saioko kide izateko castingak oraindik ere zabalik daude. Gutarra izan nahi baduzu, bidali whatsapp bat 695 577 802 zenbakira edo idatzi gutagutarrak@eitb.eus helbide elektronikora.
Ezusteak, sorpresak, malkoak eta irribarreak ez dira faltako denboraldi honetan ere. Aurreko denboraldietan bezala, 'Gu ta Gutarrak? Julen Telleriak aurkeztuko du, astelehenetik ostegunera, 21:20tik aurrera, ETB1en.