Gure Doinuak
22:30ean
Garirekin Bilbo Handian barrena, gaur gauean, 'Gure Doinuak' saioan
EiTB
Bilbo aldeko musika izango da gaurko atalaren ardatza. Gainera, euskal rock erradikalaren, musika taldeen eta euskarazko bilbainaden garapena ezagutzeko aukera izango dugu.
Bilbo aldea izango du gaur protagonista 'Gure Doinuak' saioak. Onintza Enbeitak euskal talde mitiko bateko burua izango du bidelagun, Hertzainak taldeko Gari.
Biek elkarrekin, besteak beste, Bilboko, Portugaleteko, Arrigorriagako eta Barakaldoko musikarekin lotura duten hainbat historia ezagutuko dituzte. Garik berak ere bere ibilbide musikalaren errepasoa egingo digu, eta hainbat abesti ezagun joko dizkio Onintzari.
Bilbo aldetik egingo dugun ibilbidean, garai bateko euskal rock erradikalaren nondik norakoak gogoratuko dizkigu Roberto Moso Zarama taldeko abeslariak. Gero, atzoko eta gaurko doinuak uztartuko ditugu Iker Villa aktore eta musikariaren eskutik. Osterabe neskez osaturiko musika taldeak musika eta emakumeen garrantziaz hitz egingo digu. Eta euskaraz eginiko bilbainadak izango ditugu hizpide; horien etorkizunaz eta ospeaz hitz egingo dugu Jose Mari Larrazabal bilbainaden txapeldunarekin. Bukatzeko, Barakaldoko doinu galduak ere berreskuratuko ditugu 'Gure doinuak' saioan.
'Gure Doinuak' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.