Gutariko Bat
Gaur
Herri kirolen mundua ezagutuko du Reyes Pradosek 'Gutariko Bat' saioan
A.H. | EITB
Kirolari ezagunekin arituko da Reyes, herri kirolen modalitate ezberdinak praktikatzen.
Garai bateko lan jarduerak aisialdira bideratzean jaio ziren gaur egun ezagutzen ditugun herri kirolak, eta asko dira oraindik ere kirolak dituen jarraitzaileak. Reyes Prados herri kirolen mundu horretan murgilduko da gaur buru belarri, 'Gutariko Bat' saioan.
Horretarako, euskal kirolari adituenekin ibiliko da modalitate ezberdinak praktikatzen. Besteak beste, aizkora hartuko du eta Joxe Mari Olasagasti eta Kristina Saralegirekin izango da. Pabi eta Irati Astondoa ere ezagutuko ditu eta beraiekin segalari moduan arituko da. Gainera, harri-zulatzaile modalitatea probatuko du Gallartan.
Kirol gogorrak direla egiaztatu du Reyesek, baina aldi berean, hemengo ohiturei eusteko herri kirolak duen garrantzia ere ulertuko du.
'Gutariko Bat' igande honetan emitituko da 22:00etatik aurrera ETB1en.