Hauxa2
22:00etan
'Hauxa2' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en
EiTB
Onintza Enbeitaren eta Ana Goitiaren ikusmoldetik erakutsiko du bizitza tarte berriak.
'Hauxa2', 'Gure Kasa' saioan Onintza Enbeitak eta Ana Goitiak gidatu izan duten atala, ordutegi nagusiko saio bilakatuko da gaurtik aurrera. Hiriguneetako bizitzaz aspertuta, kostaldera joko dute Enbeitak eta Goitiak. Lekeitioko portuan pisu bat alokatuko dute uda igarotzeko. Bizitzaz eta egungo gizarteaz duten ikuspuntua azalduko digute bertatik igande gauero. Umorea galdu gabe, egunerokotasunean sortzen diren galderei erantzutea izango da euren helburua, oso hedatuta dauden aurreiritziak hankaz gora jarrita.
Lehen saio honetan, Anak eta Onintzak udako oporraldi berezia biziko dute elkarrekin Lekeition. Anak gonbidatuta, Onintzak Lekeitioko giroa, udara eta lekeitiarrak ezagutuko ditu, eta baliteke maitasuna ere topatzea. Lehen saio honetan, Anak bikotekide bat aurkitu nahi dio Onintzari, maiteminduta egonez gero zer sentitzen den jakin dezan.
Maitemin kontuak
Zer litzateke, bada, uda maitasun istoriorik gabe? Bi neskak Lekeitioz maitemintzera irtengo dira eta denetik aurkitu dute: herriko bi andrek, Edurnek eta Rosa Marik, gazte garaiko maitasun istorioak kontatu dizkiete. Loredendako saltzaileak, Maria Angelesek, berriz, bizitza osorako bikotekidea izatea gomendatu die; Leirek, ordea, polimaitasunaz hitz egingo die eta Josebe Iturriozek bikotea oinarrian ez duen bizi proiektu bat azaldu die, lehen pertsonan. Alde mingotsagotik aritu dira Haritz eta Jose Ramon, maiteminetik ikasitakoaz.
Entzundakoa praktikan jartzeko, Onintzarentzat bikotekide bila ekin dio Anak, eta 'zita itsua' prestatu dio. Aurkitu ote du Onintzak gustuko inor?
Udako amodioa ez dakigu, baina udako konpainia ezustekoa behintzat agertuko zaie ondoan, Karmen Marina, gure nesken bizilagun berria. Hamaika komeria biziko dituzte Karmen Marinarekin.
Atal honetan, Lekeition gertatutako da trama guztia, baina bigarren kapitulutik aurrera Lekeition eta Euskal Herriko beste txoko batzuetan egongo dira gure bi protagonistak; Zarautzen, Orion, Gernikan eta Bilbon, besteak beste.
Newmedia ekoiztetxeak eta ETBk egindako saioa 22:00etan estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en.