Herri txiki, Infernu Handi
ETB1
Aramaion izango da, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi'
A.E.
EiTB
Arabako herri honek bederatzi auzo ditu, eta bizikletaz bisitatuko dituzte Zuhaitzek eta Pagadik.
Gaur gauean, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga Aramaiora joango dira. Arabako herri hau bederatzi auzok osatzen dute, eta bizikletaz bisitatuko ditu bikoteak.
Zuhaitzek udaletxeko bizikleta ofiziala erabiliko du, alkatearena, eta bere ibilbidean herriko meteorologoa ezagutuko du: hodeiak zenbatzen trebezi berezia duen emakumea. Aramaioko asmatzaileak hainbat asmakizun erakutsiko dizkio, herriko ehiztari onena ezagutuko du eta Aramaioko erdigunetik urrutien dagoen baserrira joango da, umeak izutzen dituen baserri berezira.
Mikel Pagadik, berriz, Aramaiori "Suitza txikia" zergatik deitzen dioten argituko digu. Eskopetarekin oso trebeak diren familia bereko hiru kide ezagutuko ditu, ahari margolari batekin egingo du topo, Euskal Herriko artzain-txakur trebeenari aginduak ematen saiatuko da, eta 2.000.000 erleren artetik onik ateratzen ahalegindu beharko du.
'Herri Txiki, Infernu Handi' gauean izango da ikusgai, 21:30ean, ETB1en.