Itxi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

Herri txiki, Infernu Handi

21:30ean

Ituren bisitatuko dute gaurko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan

EITB

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Nafarroako herri honetako biztanleak ezagutuko dituzte.

2:09

Ituren eta Iturengo herritarrak ezagutzera bertaratuko dira, gaur, Pagadi eta Zuhaitz. Urtero inauterietako protagonistak diren joaldunekin batera egingo dute iritsiera herrira, menditik herriko plazaraino.

Zuhaitzek gosari eder bat hartuz hasiko du eguna herriko ostatuan. Bertako ostalariak eta egunero bapo gosaltzen duen herriko bezero bat izango ditu lagun. Zainzuri piloa landatuta dituen baratze eder batera egingo du bisita ondoren, eta Iturengo eta Erriberako zainzurien arteko desberdintasunak ikasiko ditu. Duela hamar urte Birminghametik Iturenera bizitzera joan zen emakume abenturazale batekin hitz egin ondoren, umorez betetako bi aitona-amonen egurrezko etxera joango da kafea hartzera eta gimnasia pixka bat egitera. Igandero kotxean mezatara rantxerak entzuten joaten diren bi emakumerekin, buelta dibertigarria egingo du herritik, eta eguna txerritoki batean amaituko du. Txerrien jabeak trikimailu bitxia erabiltzen du txerrikume guztiek elikatzeko behar duten esnea izan dezaten.

Pagadik herriko postariarekin hasiko du Iturenera bisita, eta erdigunetik Aurtitz auzora joango da eskutitzak banatzera. Auzo horretako eskutitzak makila batekin lagunduta banatzen ditu postariak, hango txakurrak ez dira fidatzekoak eta. Atseden txikia hartzeko, Aurtizko aterpetxera gerturatuko da. Han ezagutuko ditu aterpetxearen negozioa daraman Leitzako neska gaztea eta bi auzotar. Auzotarretako batekin, iturri berezi batera hurbilduko da ur freskoa hartzera, eta bestearekin, 17.000 oilo dituen oilategi batera. Horrez gain, Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunek bizkarrean eramaten dituzten joareen soinuen arteko desberdintasunak ezagutzeko aukera izango du Pagadik, eta, gainera, urteko 365 egunetan 24 orduz zabalik dagoen denda bat ezagutuko du.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur izango da ikusgai, 21:30etik aurrera, ETB1en.