Herri txiki, Infernu Handi
21:45ean
Arbizu bisitatuko du, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak
EITB
Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak gertutik ezagutuko dituzte Sakanako herri honen izaera eta bertako bizilagunak.
San Donato mendipean dagoen Arbizu herrixkara joango dira egun pasa Pagadi eta Zuhaitz gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan. Sakanako herritxo honetan izaera eta eskuzabaltasun handiko bizilagunak ezagutuko dituzte.
Orujoa bere etxean ekoiztu eta egunero gosaria baino lehen tragoxka bat edaten duen 80 urteko gizon bat ezagutuko du Pagadik herrira iritsi bezain laster, eta harekin joango da hamarretakoa egitera bere koadrilarekin konpartitzen duen txokora. Ondoren, etxean dortokak dituen arbizutar bat ezagutuko du, baita haren arranoak ere. Herriko eko-kanpina ezagutzeko asmoz, bertara hurbilduko da jabearekin eta Danimarkako bi bezerorekin hitz egingo du. Eguna amaitzeko, 4x4 ibilgailu erraldoi batean zulo artean dantzan ibiliko da Arbizuko gizon abenturazale batekin.
Zuhaitzek hamarretakoa egiten ekingo dio egunari. Herriko tabernan goizero elkartzen dira gremio desberdinetako Arbizuko langileak ogitartekoa jatera eta atseden pixka bat hartzera. Haiekin berriketan ibili ondoren, Arbizuko txistorra ekoizten den fabrika batera joango da ibilgailu kurioso batean. Kalean okinaren zain dauden herritar batzuk ere ezagutuko ditu, eta butano bonbona kalera ateratzen lagunduko dio herritar bati. Ondoren, 95 urteko amoña bixi-bixi bati bisita egingo dio eta etxean gordetzen duen San Felicisimo santuaren berri jasoko du. Eguna amaitzeko, kalean zahatoa galdu duen jabea aurkitzen saiatuko da.
'Herri Txiki, Infernu Handi' igande honetan dago ikusgai, 21:45ean, ETB1en.